Agroekologia eta musika uztartzen dituen ekimena da Baserriko Uzta. Udazkeneko aldi honetan, Ines Osinaga musikaria izango da gonbidatua, eta kantaldia eskainiko du bisitarientzat.
Azaroaren 22an, Nafarroa Garaiko erdialdean murgilduko da Baserriko Uzta ekimena, San Martin de Unx eta Erriberri artean dagoen Lakar ingurunean, hain zuzen. Guneko etxaldean Agroekologia eta musika uztartzeko eguna izango da, egitarau oparoarekin.
Bertako ekoizpena bertatik bertara ezagutzeko bidea eskainiko da, eta, beti bezala, jaki agroekologikoak dastatzeko aukera izango da. Izan ere, laborantza agroekologikoaren berri emateko asmoz antolatzen du EHKOlektiboak Baserriko Uzta, eredu horren aldeko komunitatea sendotzen joateko norabidean.
Eguna bisita gidatu batekin abiatuko da, eta ondoren hamaiketako berezi bat dastatuko dute bertaratzen direnek. Kantaldiaren txanda etorriko da gero Ines Osinaga musikariaren eskutik. Eguna borobiltzeko, mahaiaren bueltan elkartuko dira partaide guztiak, jaki agroekologikoekin osaturiko menu eder batez gozatzeko.
Baserriko Uztan parte hartu nahi dutenek azaroaren 16a baino lehen eman beharko dute izena EHKOlektiboaren webgunean.
Guneko etxaldea
Lakar ingurunean dauden olibondo, mahasti eta txaparrez inguratuta dago Guneko. Ingurune aberats honetan lan egiten dute Igor eta Mikel Olite anaiek 2011. urteaz geroztik. Proiektua zerotik abiatu zuten, eta beste edizio batzuetan hain modu argian ikusi ez dena Lakar parajean izango da: bioeraikuntza. Izan ere, Mikelek eta Igorrek zerotik abiatu zuten proiektua, eta oilategitik hasita, dauden eraikin guztietan bioeraikuntzaren teknikak eta materialak erabiliz eraiki dira. “Azpiegituren eraikuntzan ere oso ongi gorpuzten da baserriaren autonomia, EHKOlektiboko oinarri garrantzitsuetako bat. Oiloek libre bazkatzen dute, eta aldi berean badute non babestu. Oilategiaren inguruan dauden olibondoek ere ekarpena egiten diote proiektuari, eta jasotako oliben olioa da proiektu honen beste hanka bat”, azaldu dute. Zuzenean saltzen dira etxeko mozkinak.
Proiektua ekoizpen ekologikotik harago doa, EHKOlektiboaren oinarriak bezala. Izan ere, elkarteak tokikotasuna eta ekonomia sozial eta solidarioa ere jorratzen ditu, maneiu ekologikoaren ardatzaz gainera. Hainbat balio edo irizpide hartzen ditu kontuan: lurraren zaintza, bioaniztasuna, harreman ekonomiko duin eta bidezkoak garatzea, genero berdintasuna sustatzea, merkaturatze bide laburrak sortzea eta bertako hornitzaile eta zerbitzuak erabiltzea, besteak beste.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian