80eko hamarkadan Euskal Herriko herri txiki batean gertatzen diren zazpi istorio jasotzen ditu lanak
Aste gutxi batzuk dira Xabier Etxeberria idazleak (Zarautz, 1974) bere anaia Martinekin eta Aritz Trueba marrazkilariarekin batera, Buyan izeneko komikia aurkeztu zuela eta dagoeneko bere lehen ipuin liburua dakar eskuartean. Txoria nintzela (Elkar) izenpean, 80eko hamarkadan Euskal Herriko herri txiki batean gertatzen diren zazpi istorio jasotzen ditu lanak. Ipuinek ez daukate loturarik beraien artean, baina pertsonaietako batzuk ipuin guztietan ageri direla azaldu du Etxeberriak. Neska-mutil sorta bat da, gero nerabe bihurtzen direnak eta geroago gazte. Elkarrekin txirikordatzen diren istorio hauetan umetako jolas ez beti inuzenteak ageri dira, norbere identitate sexualaren deskubrimendua, jaietako parrandak, oso lagunak ez diren adiskideak, politikak etsaitzen dituenak…
Ipuin bizi eta arinak burutu ditu Etxeberriak, estilo, gai eta erritmo askotakoak, idazlearen esku trebearen erakusgarri. Umore oneko eta entretenigarri, batetik, baina itxura alai horren azpian mamia eta sakontasuna ere badutenak, bizitzan giltzarri diren kontuetan gizatasunezko jarrera bat adierazten dutenak.
Etxeberriak bere lehen eleberriarekin, Egun denak ez dira berdin (2001, Elkar), Igartza Saria irabazi zuen. Beti narratiban, lan ugari argitaratuak ditu anaia Martinekin batera, hala helduentzat nola haurrentzat ere. Komiki gidoilari gisa ere badihardu anaiarekin tandema osatuz.
Bakarka, Udazkeneko lorea (2012, Elkar), Eman amore (2015, Elkar) eta Berriro itzuliko balitz (2018, Elkar) eleberriak ere idatziak ditu.
(Bideoa: Elkar)
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian