2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa larunbatean amaituko da, Donostia Arenan (Illunben) jokatuko den finalarekin.
Larunbatean beteko dira hiru hilabete 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin abiatu zela. Hamabost saioren ondoren, Donostian jokatuko den finalarekin amaituko da txapelketa. Gaur aurkeztu da finala Donostiako San Telmo Museoan eta bertan izan dira, azalpenak ematen, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzia eta zortzi finalistak: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
Finala 17:00etan hasiko da, Donostia Arena (Illunbe) aretoan eta Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak egingo dituzte aurkezle lanak. Bertsolarien lana epaitzen sei epaile hauek arituko dira: Amaia Otxotorena, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna, Silvia Etxaniz eta Gorka Segurola. Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek hamabosna bertso puntuagarri abestu beharko dituzte:
Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera eta beste 10 bertso puntuagarri abestu beharko dituzte:
Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
Kartzelako lana: gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Saio guztiko puntuazioak batuko dira, azkenean, txapelduna erabakitzeko.
Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari.
Finaleko sarrerak larunbat eguerdira arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera guztiak agortu ez badira, 15:00etan irekiko da txarteldegia, larunbatean.
Informazio gehiago hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian