Proiektu berriaren aurrerapen kantu gisa Chicago Boys izenekoa aukeratu dute.
Herrima dugu Suaia eta Lahaine bikoaren musika talde berria. Hip-Hop-aren formatu klasikotik haratago doan proiektua dela diote. Bertan, zuzenean jotako instrumentuen presentzia eta pisua nabari da.
2014. urtean, Gorka Suaia (Gasteiz, 1982) eta Endika Lahainek (Barakaldo, 1982), Venezuelako Kanta Bolibartarraren jaialdian parte hartu ostean, Suaia eta Lahaine taldea osatzea erabaki zuten, Taupaka elkartearen laguntzarekin. Handik eta urtebetera, 2015ean, aurreneko diskoa kaleratu zuten. EP horretan hip-hop-a eta elektronika beraien klase kontzientziak azalarazten duen amorruarekin nahastu ziren.
Lan hura hainbat zuzenekotan defendatu ostean, bi musikarien indarrak beste proiektu batzuetara bideratu zituzten. Aurten, baina, proiektua berreskuratzea erabaki dute Suaiak eta Lahainek hainbat taldekide berrirekin batera; Xixo (Cherry Boppers taldearen perkusio jotzailea), Pagaza (gitarra, trikitixa) eta Markel Andia (dj eta samplerrak Suaia eta Ama Rebel taldean). Formatu berri honi Herrima izena jarri diote; “herriaren errima”.
Proiektu berriaren aurrerapen kantu gisa Chicago Boys aukeratu dute. Abestiak Washingtonetik Latinoamerika osoan planifikatu diren estatu kolpeak salatzen ditu, eta aldi berean, herriek beraien etorkizuna erabakitzeko eta bakean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du, kumbia-reggae doinuz lagunduta.
Askapen Sound arduratu da single berri honen musika ekoizpenaz. Bideoklipa berriz, Etchecoy-k ekoiztu du eta honetan, bi mundu elkartzen dira, landa eremua eta hiria, “elkartuko gaituen eraldaketarako mezuaren bila”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian