Durangoko Andra Mari elizpean, gaur, otsailak 6, iluntzeko 19:30ean, izango da hitzordua. Aurkezpen labur eta lagun arteko giroan, hiru jardun, proiektu eta lan ezagutzeko aukera izango da.
Gerediaga Elkarteak antolatuta Pechakucha saioetan bosgarrena izango da honakoa. Durangaldeko gazte sortzaileak eta euren lanak ezagutzera emateko 2017an sortutako kultur egitasmoa da. Durangaldeko sortzaileei ohikoa ez den formatu baten ikusgarritasuna emateko ekintza. Horregatik, Japonian jatorria duen 20 irudi x 20 segundu formatuan, labur, eta lagun-giroan egiten dira aurkezpenak.
Aurkene Pagalday bitxigilearen ibilbidea emango da ezagutzera. Elorrioko gazteak ingeniaritza ikasketak egin arren, artisautza munduan dabil. DirDir izenarekin ibilbidea hasi eta 2020tik Kenika izenarekin jarraituko du, orain arte bezala, eskuz egindako bitxiak egiten, diseinua eta artisautza uztartuz.
Ane Barreinkua Elegido artelanak zaharberritzen lan egiten duen gazteak ere parte hartuko du egitasmoan. Durangokoaren lana artelana behatu eta ondoren hasten da akats zein aldaketa-faktoreak eta eragileak identifikatzen. Beharrezkoa den kasuetan, ahalik eta kalterik gutxien egiteko pausuak ematen ditu, lanak kontserbatuz.
Azkenik hasi berri den The Van taldearen txanda izango da. Berrizeko boskoteak gainera, lan berriko kantuak eskainiko ditu zuzenean. 60 eta 70eko hamarkadetako musika taldeen soinu klasikoetan oinarrituta, lehen diskoa 2019ko azaroan argitaratu zuten Grow izenpean. Iker Hernandez, Eñaut Armentia, Alex Garcia, Iratxe Gaztañaga eta Martzel Vargas-ek osotzen dute taldea.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian