Hernaniko idazleak XXI. Igartza saria irabazi zuen iaz Zendabalitz proiektuarekin eta urtebete izan du eleberria ontzeko.
Erika Elizarik (Hernani, 1988) ondutako Zendabalitz (Elkar) liburuak hegaldi gorabeheratsu baten kronika jasotzen du, baina idazleak berak azaldu duenez, “berez hori aitzakia baino ez da zenak, denak eta litekeenak edo izan daitekeenak gure buruaren barruan sortzen dizkigun kezka buruhauste edo kontraesanei buruz aritzeko”.
Parisko Charles de Gaulle aireportutik Loiukora doan hegaldian gertatzen diren hainbat kontu jaso ditu Elizarik. Barruan ehun bat bidaiari daude eta bakoitzarekin istorio bat doa bidaian: lan-elkarrizketa batera joan eta haurdun dagoela ezkutatu duen exekutiboa; barruko bulkada suntsikorrei aurre egin behar dien pilotua; egungo bikotekideari aurretik ezkonduta egon zela kontatzera ausartzen ez den emakumea; oporretan bakarrik abentura bila joan eta aspertu besterik egin ez den neska gaztea; alargun dagoenetik bizipozik ez daukan medikua; ondoko bidaiariarekin ligatu edo ez pentsatzen doana; bidaiari eta tripulazio-kideak nazkatzen dituen gizonezko petrala… Elene, Gabriel, Paule, Xabier, Enara, Malox, Sukaina… Eleberri koral bat sortu du egileak. Nobela labur, fresko eta dibertigarria, gizon-emakumeen baitako kontraesanekin eta gizartearen estereotipoekin jolas egiten duena; itxuragatik aurreko pertsonari suposatzen diogun errealitatea ez baita beti bere barruko egiarekin ezkontzen, ezta norberak bere buruaz uste duena eta gero benetan egiten duena ere.
Elizarik 21. edizioko Igartza saria irabazi zuen iaz eta urtebete izan du Zendabalitz proiektuari eleberri forma emateko. Igartza saria idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute.
Aurkeztutako hamabi proiektuen artean, Elizarirena aukeratu zuen Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak.
(Bideoa: Elkar)
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian