“Pandemiak bortizki erasan gintuenetik bizitako egoera latzaren aurrean, amets egiteak askatasuna eta indarra ematen duen uste osoan sorturiko kanta da”. Periko Solabarriak ezagun egin zuen esaldia gogoan hartuta, amets egiten uzten ez badigute, ez diegu lo egiten utziko, ezadostasuna erakusteko eta ametsen alde borrokatzeko momentua dela aldarrikatu nahi izan dute.
Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, Gaizka Salazar musikariak duela lau bat urte ekin zion, bere kabuz, kantuen zirriborroak egiteari. “Aurretik ere beti saltseatzen ibili izan naiz; etxean gitarra bat daukat, baina jolas bat izango balitz moduan hartu izan dut. Kantu batzuen ideiak buruan edukitzen hasi nintzenean, berriz, kontua serioago hartu nuen”, azaldu du Salazarrek. Hala, pieza horiek itxura ona zeukatela ikusi zuenean, hainbat musikarirekin harremanetan jartzen hasi zen, eta EraBatera taldea sortu zuen. Egitasmo honen inguruan eskarmentu handiko musikariak biltzea lortu zuen Bilboko musikariak: Gatibun taldekide duen Mikel Caballero baxu-jotzailea, Ken Zazpiko Beñat Serna gitarra jotzailea eta Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza abeslaria. Gerora, Miguel Moyano ( Smile, Gari ) eta Josu Aginaga ere taldera batu dira.
Lehenengo diskoa 2018an plazaratu zuten Antipodetan izenpean. Salazarren aitaren heriotzak eragindako saminetik sortutako sentipenak izan ziren disko hartako kanten funtsa. Oraingo honetan, berriz, bizipozari kantatu nahi diote, ospatzeko modukoak begitantzen zaizkien ekintzei, esaterako, amets egin eta ametsak egia bihurtzeari, ume baten jaiotzari, musikak eragiten duen kemenari edota naturarekiko dugun atxikimenduari.
Diskoa udaren bukaeran grabatzeko asmoa dute, entsegu eta atseden leku toki duten Xumelako baserrian, Anbotopean.
Disko berriaren aurrerapen gisa, Amets egin kanta plazaratu dute gaur. “Pandemiak bortizki erasan gintuenetik bizitako egoera latzaren aurrean, amets egiteak askatasuna eta indarra ematen duen uste osoan sorturiko kanta da”. Periko Solabarriak ezagun egin zuen esaldia gogoan hartuta, amets egiten uzten ez badigute, ez diegu lo egiten utziko, ezadostasuna erakusteko eta ametsen alde borrokatzeko momentua dela aldarrikatu nahi izan dute.
Taldea ilusioz beterik eta gogotsu dago ziurgabetasunez beteriko bide berriei ekiteko, eskaintzeko dutena ezagutarazi eta ahal den neurrian euren musika ahalik eta entzule gehienekin konpartitzeko.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian