Akademiaren arabera, forma berrien artean badira “adibide bitxiak”: mandotik astora erori, mingaina dantzatu edo lepoa berotu.
Euskaltzaindiak 719 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Izan ere, Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2020ko bigarrena da orain sareratu dena.
Hartara, azken sei hilabeteotan 719 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (41 sarrera eta 678 azpisarrera), eta 647 osatu edo findu ditu. “Hiztegia handitzen eta lehendik dagoena osatzen eta fintzen ari gara azken boladan. Forma berri-berriekin batera konbinatu behar dira tradiziokoak; horietako asko adibide gisa jasoak genituen, baina bistaratze-saio bat egin dugu azpisarrera gisa jasota, jendeak erraz aurki ditzan”, azaldu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.
Egun, 39.292 sarrera, 8.786 azpisarrera eta 66.396 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (2016an 37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera zituen).
Hala, forma berri asko tradizioari lotuta daude. Esaterako: Bretoiera; odolgarbi; lehengo lepotik burua; leher eta zapart egin; opilari su egin edo mandotik astora erori. “Esaera zaharrak berreskuratu dira, eta 2019an hasitako ildoari jarraituz, euskal ondarea agerian jartzeko saioa egin du Euskaltzaindiak beste behin”, azpimarratu du Urkiak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian