Aikoeskola.eus plataformak edozein gailutik dantzan egiten ikasteko aukera ematen du, klaseak jarraitzeko unea aukeratuta, eta munduko edozein lekutik.
Hamabost urte dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta hedapenean buru-belarri aritu ondoren, Aiko taldea ez dago pandemiaren ondorioz bere jarduera eteteko prest. Zorroztasun eta gizarte erantzukizun irizpideak jarraituz eta osasun agintariek emandako aholkuak betez, 2020-21 ikasturtean aurrez aurreko klaseak eten egingo ditu aldi baterako, baina, Aiko Eskola jarri du martxan, euskal dantza tradizionaleko lehenengo eskola digitala.
Urte guzti hauetako ildoari jarraituz taldea aitzindari bilakatu da orain, jotaren, arin-arinaren, mutil-dantzen eta jauzien, mazurkaren, polkaren, habaneraren edo baltsaren oinarriak plataforma digital batean irakasterako orduan. Edozein gailutik bakoitzak aukeratzen duen unean eta munduko edozein lekutik jarraitu ahal izango ditu klaseak.
Hala, ikastaro birtuala aurrez aurreko ikastaroak bezala egingo da, urritik ekainera bitartean, hastapeneko eta hobekuntzako bi mailatan. Zuzeneko klaseak egongo dira astero, eta horiek tutorial moduan grabatu eta edozein unetan jarraitu ahal izango dira. Berrikuntza gisa, zuzeneko klaseak hiru hizkuntzatan izango dira, plataforma bezala: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Internet bitartez mundu osora heltzeko helburuarekin.
Zuzeneko klaseez gain, plataformak nahieran jarraitzeko dantza atala ere jarri du martxan. Bertan daude, Interneten lehen aldiz, jauzi eta mutil-dantza guztiak, eta baita modu argian eta didaktikoan grabatutako dantzako pausoen oso bilduma osatua, praktikatzeko, inprobisatzeko eta koreografia propioak sortzeko. Hau da: Euskal Herriko dantza tradizionala, bere estilo, erritmo eta koreografia ugarirekin, pausoz-pauso azalduta.
Gainera, Aiko taldeko kideek diotenez, “teknologia berriek balio pedagogiko handia duten elementuak sartzeko aukera eman dute”. Adibidez, gure mugimenduak eta musika, modu grafikoan eta errazean, nola sinkronizatu eta irakasten duen sistema berritzailea sartu da, eta baita pausoen irakaskuntza hobetzeko beste funtzio pertsonalizatu batzuk ere: musika aldatu barik kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, edo irudiaren 180oko bira ispilu gisa, ikasleak nahi duena aukera dezan.
Modu berean, eta ez ohiko jarduera gisa, Aiko Eskolak ikastaro monografikoak eta maisu-klaseak ere eskainiko ditu, dantza tradizionalaren arloan ospe handia duten espezialisten eskutik: Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Vanesa Castaños, Nagore de las Cuevas, Pedro Elosegi, Josu Garate, Iñaki Goirizelaia, Aritz Ibañez, Iñaki Irigoien, Claude Iruretagoyena, Jon Iruretagoyena, Jon Maya, Gari Otamendi, Arkaitz Pascuas, Pantxika Telleria edo Ines Uriarte.
Ikasturte berrirako matrikula zabalik da jada. Eskola Digitala urriaren erdialdean hasiko da.
Informazio gehiago, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian