Durangaldeko sortzaileek online dendan lortzen duten diru-sarreren ehuneko ehuna jasoko dute.
Osasun-krisiak baldintzatuta, aldaketa ugari izango ditu Durangoko Azokako 55. edizioak. Besteak beste, modu zuzenean eragingo dio salmenta guneari: aurten salerosketa online egin beharko da, eta, beraz, ez da erakusmahairik egongo Landako Gunean. Hauen ordez, webgune honetan denda birtuala sortuko da, eta abenduaren 4tik 8ra kulturzaleek hamaika produktu erosi ahal izango dituzte bertan: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, papergintza… Landakon egon ohi diren produktuak euskal kulturaren plaza digital erraldoi honetan batuko dira.
Gerediaga elkartearen eta Durangoko Amankomunazgoaren arteko elkarlanari esker, azken urteetan “Durangaldeko argitalpenak” erakusmahaia egon da Landako Gunean, eskualdeko produktuen eskaintzarekin. Horrela, aurreko edizioetan, sortzaileek ez dute erakusmahaiak alokatzeko beharrik izan euren produktuak saltzeko.
Aurten ere Durangaldeko parte hartzaileek eskaintza berezia izango dute Azokan. Eskualdeko sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, ekoizpen enpresa, banatzaile edo erakundeek saltzen dutenaren ehuneko ehuna jasoko dute (gainerako parte hartzaileei, Durangaldekoak ez direnei, saldutakoaren ehuneko hamabia kobratuko zaie kudeaketa eta logistika gastuengatik).
Gerediagak azaldu duenez, “eskaintza hau jasotzeko aukera izateko ezinbestekoa izango da helbide fiskala Durangaldean izatea: Abadiñon, Atxondon, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian edo Zaldibarren. Halaber, beharrezkoa izango da Azokako araudia betetzea”, hots, produktua euskarazkoa izatea edo euskal gaiak jorratzea.
Izena emateko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 94 681 8066 telefono zenbakira deitu beharko da, produktuaren nondik norakoak azalduz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian