Ekimena online eta doakoa izaki, izena emateko dei berezia egin nahi izan die Kontseiluak gogoetaren parte izan nahi duten herritarrei.
Covid-19ak eragindako pandemiak tarteko, azaroaren 12an eta 13an egingo diren Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak aldaketa esanguratsu bat izan du: saio presentzialak baztertu, eta ikusleek online soilik jarraitu ahal izango dituzte jardunaldiak.
Urriaren 13an Bilboko Artxibo Historikoan egindako agerraldian aurkeztu zituzten Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Online jarraitzeko eskaintza hasieratik aurreikusita zegoen arren, Bilboko Bizkaia Aretoa zen ekimenaren euskarri nagusia; pandemiaren eboluzioa ikusirik, baina, saio presentzialak bertan behera uzteko erabakia hartu dute antolatzaileek. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, “segurtasun- eta osasun-protokoloa garatua genuen bertaratuko ziren herritarrei bermea eskaini asmoz, baina azken egunetan ezarritako neurri prebentiboak aintzat hartuta, jardunaldiak online izatera mugatzeko erabakia hartu dugu”.
Haatik, egoera berriak ez ditu ekimenaren egitaraua eta helburuak baldintzatuko. Bilbaok adierazi bezala, “jardunaldietako hitzartze guztiek bere horretan diraute, eta pantaila bitartez bada ere, ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruko gogoeta plaza osatzeko ideiari irmo eusten diogu”. Ekimena online eta doakoa izaki, dei berezia egin nahi izan die Kontseiluko idazkari nagusiak gogoetaren parte izan nahi duten herritarrei: “Izen-ematea irekita dago, eta datuei erreparatuta, jada badakigu 100 lagunetik gora arituko garela ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko gogoetak elkarbanatzen. Solasaldiak jarraitu nahi dituen herritar orori deia luzatu nahi diogu inprimakia bete eta jardunaldiak jarraitzera: mereziko du”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian