Azaroaren 23an Anjel Lertxundik eta Alex Gurrutxagak Xabier Lete, historiaren tabernan hitzaldia eskainiko dute, abenduaren 17an, berriz, Antton Valverderen kontzertua izango da.
Xabier Lete hil zela hamar urte pasatu ondoren, Iruñeako Karrikiri elkarteak poeta eta kantari oiartzuarra omentzeko zikloa antolatu du Nafar Ateneorekin elkarlanean.
Datorren astelehenean, hilak 23, izango da aurreneko hitzordua Iruñeako Kondestableko areto nagusian. Bertan, Anjel Lertxundik eta Alex Gurrutxagak Xabier Lete, historiaren tabernan izeneko hitzaldia eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan. Karrikirik azaldu duenez, Bohumil Hrabal idazle txekiarraren arabera, belarria jarri eta kontakizunen sorta bat sortzen da tabernako jardun hutsaletatik. Halako jardun askok lortzen omen du egunerokotasun tristetik zerbait ederra ernaltzea edale baten edo bestearen bihotzean. Hartan, tabernako istorio eta pentsamendu asko bihurtzen dira iraunkorrak. Taberna, herriko plaza, kaleak, herritarrak… Letek liburuetan biribiltzen zuen kalean entzundakoa: ahozkoak eta idatziak, bi-biek egiten dute bat Leteren poetikan”. Hartaz mintzatuko dira Gurrutxaga eta Lertxundi, Leteren inguruko hainbat puntu, txandaka, jorratuz (poesia, batetik eta prosa bestetik; prozesu poetikoa Izarren hautsetik Egunsentiaren esku izoztuetaraino; Lete autodidakta; aberriaren auzia; fedearena…).
Abenduaren 17an, berriz, Hor zaude nonbait izenpean, Antton Valverdek Xabier Lete bere betiko lagunaren letrak eta poemak musikatu dituen kantu sorta berezia eskainiko du. Ibilbide luzean egin duen lan horretan, beste musikari-kolaboratzaile eta lagun bat izango du lagun: Joxan Goikoetxea akordeoilaria. “Klara Mendizabal sopranoaren ahotsak eta Francisco Herreroren biolin/biolak koloratura berezia ekarriko diote proposamen intimo honi”, adierazi du Karrikiri elkarteak. Kontzertua Nafarroako Antzerki Eskolan izango da, arratsaldeko 19.30ean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian