Ziraukiko margolariak estilo ezberdinetako 75 olio eta koloretako arkatzez eta pastelez egindako 45 marrazki baino gehiago bildu ditu Iruñeko erakusketarako.
Iruñeko Kondestable Civivoxeko 1. eta 2. aretoek Antonio Laita Ziraukiko margolariaren Nire bidea egiten izeneko erakusketa hartuko dute urtarrilaren 10era bitartean. Bertan, artistak sortutako obra sorta baten bidez bere azken urteetako ibilbidea ikusi ahal izango da. Erakusketaren bitartez, pandemiak, itxialdiak eta muga sozialek eragindako egoeraren inguruko gogoeta afektiboa egin nahi du Laitak. Izan ete, itxialdiaren eta ondorengo murrizketa sozialen eraginez, Ziraukiko margolariak denbora gehiago eman du XVI. mendeko bere etxean duen lantegian eta adierazi duenez, pentsatzeko denbora izan du eta indartsuago sentitzen dela aitortu du.
Hala, koadro berriak sortzeaz gain, denbora izan du, baita ere, etapa honek behar dituen hurbiltasunak eta afektibotasunak eskatu dizkioten obrak biltzeko. Guztira, estilo ezberdinetako 75 olio eta koloretako arkatzez eta pastelez egindako 45 marrazki baino gehiago bildu ditu Iruñeko erakusketarako.
Baina helburu artistiko nagusia argia den arren, erakusketan gai ezberdin anitz ageri dira. Protagonista nagusietako bat Margarita da, artistaren alaba bakarra; askotan irudikatu izan du, urtez urte, eta horrela nola koskortzen joan den ikus daiteke obra batzuetan. Bide horretan garrantzi handia hartu du, baita ere, arlekinaren irudiak, mozorro horrekin pintatu baitzuen Laitak alaba lau urte zituenean, eta gero berriz ere hainbat aldiz erabili baitu.
Erakusketako obrarik nabarmenena, tamainari dagokionez, Zaldien triptikoa deiturikoa da; 3,60 metroko zabalera eta 1.90 metroko altuera du. Honetan, zaldi-azienda irudikatu du margolariak. Izan ere, animalia horiekiko pasioa landa eremutik, bere jatorritik datorkio artistari, bertan lan egin ahal izateko zaldiak funtsezkoak baitziren, duela oso hamarkada gutxira arte. Erakusketa osatzeko Laitak arrantzaleen margolanak ere jaso ditu.
Ordutegia
Edukiera mugatua izango du erakusketak. Goizeetan 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da, arratsaldeetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez bakarrik egongo da zabalik, eta Eguberri, Urte Berri eta Errege egunetan itxita.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian