Begoña Bilbaok zuzendu du antzezlana eta hiru aktore ikusiko ditugu oholtza gainean: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga. Antzoki Zaharrean eskainiko dute obra ostiralean eta larunbatean.
Adiskidetasun baten krisia oinarri duen antzezlana da Konpromisoa. Txalo Produkzioak taldeak egin ditu Philippe Claudelen obraren moldaketa lanak, eta asteburu honetan taularatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean (hilaren 15 eta 16an), pasa den astean Eibarko Coliseo antzokian estreinatu ondoren. Txalo taldearen Ene ba!, Rita edota Zoaz pake santuan antzezlanekin bezala, oraingoan ere Begoña Bilbaok zuzendu du obra eta hiru aktore ikusiko ditugu oholtza gainean: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga.
Sinopsia: Tomas (Joseba Apaolaza) eta German (Ramon Agirre) aspaldiko lagunak dira; Tomas sasi autore bat da eta German bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamentua saldu beharko du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik.
Eroslearen (Zuhaitz Gurrutxaga) zain dauden bitartean, elkarri adarra jotzen hasiko dira eta halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinean harrapatuko ditu.
Antzezlana Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dute ostiralean eta larunbatean. Sarrerak salgai daude jada, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian