2021-2022 ikasturterako izen ematea gaur hasi eta martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.
Gaur, otsailak 1, zabaldu da Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea. Laugarren deialdi hau ez da bi zatitan egingo, aurreko ikasturteetan egin den bezala, oraingoan epe bakar bat egongo da, bederatzi astekoa eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.
Zine Eskolak proiektu pedagogiko bat eskaintzen du, graduondoko hiru programez osatua: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Programa horiek abiapuntu dituzte Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostiako Zinemaldiaren jakintza arloak:
Hala, Artxiboaren helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren identifikazio, sailkapen, berritze eta zainketan, eta eremu hori sorkuntza artistikorako alor gisa planteatzea. Komisariotza programaren eginkizuna hauxe da: zinea eta ikus-entzunezko arteak xede dituzten era guztietako programazio, argitalpen, esku hartze eta erakusketen kontzeptualizazioa, kudeaketa, garapena eta zabalkundea. Sorkuntzak, azkenik, formakuntza teorikoan eta metodologikoan arakatzen du, baita esplorazio praktikoan ere, filmak eta ikus-entzunezko lan artistikoak egiteko interesa duten pertsonei begira. Modu paralelo batean, Ikerkuntza Departamentuak espazio bat sendotu nahi du nagusiki esploraziora, gogoeta kritikora eta berrikuntzara bideratua.
EQZEren plan akademikoa pentsatuta dago goi mailako unibertsitate titulu bat duten ikasleentzat (lizentzia edo gradua), edo eskuratzeko bidean daudenentzat, baita beste zine eskola batzuetako ikasle egresatuentzat ere. Salbuespen gisa, eskolak aztertu egingo ditu baldintza horiek bete gabe zinemagintzan esperientzia egiaztatua duten hautagaien kasuak.
Izen ematea egin daiteke soil-soilik eskolaren web orriaren bidez (www.zine-eskola.eus). Izena emateko epea gaur zabalduko da eta Eskolaren Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritzak aztertuko dituzte eskaerak. “Gerta daiteke plaza kopurua epe hori amaitu aurretik betetzea”, nabarmendu dute. Epearen amaiera martxoaren 31 izango da.
EQZEren 2021-2022 Ikasturtea irailaren 13an hasiko da eta aurrez aurreko formakuntzako 56 aste izango ditu, 5-7 asteko sei modulutan zatituak. Planteamendu horren eta hiru ibilbideen zeharkakotasunaren helburua da ikasleek ikuspegi ahalik eta zabalena eta zeharkakoena lortzea, zinemaren hiru garaiak lantzeko: iragana (ikerkuntza eta zaintza), oraina (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuna (sorkuntza).
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian