Nafarroako Arkitektura Eskolako emakume ikasleek egindako hamasei lanez osatuta dago erakusketa. “Lan honekin omenaldia egin nahi izan da erizaintzaren lanbideari, pandemiaren garaian giltzarri bilakatu baita gaur egungo gizartean”, azaldu dute antolatzaileek.
Erizaintzari artearen bidez egindako omenaldi hau hamasei panelen bidez osatu da. Horietako bakoitzak sormen-kontzeptu ezberdin bat erakusten du, pandemiaren egunerokoan oso presente egon den arren, askorentzat oraindik ezezaguna den lanbide hori herritarrei helarazteko. Erakusketaren egileak Nafarroako Arkitektura Eskolako Diseinu Graduko emakume ikasleak izan dira. Panel guztiek ezaugarri berberak dituzte (180 zentimetroko garaiera eta 90 zentimetroko zabalera). “Horrek halako abiapuntu homogeneoa ematen dio erakusketari, hortik abiatuta ideietako bakoitza esploratu ahal izateko”, azaldu dute.
Erakusketa hau egiteko lanak duela urtebete baino lehenago hasi ziren, pandemia hasi aurretik. Lehen urratsa izan zen osasun arlotik kanpoko jendeari galdetzea haien ustez zer kontzeptuk definitzen duten hobekien erizaintza. Guztira 1.163 ideia jaso ziren, eta lanbidea hobekien identifikatzen zituzten horiek aukeratu ziren. Ondoren, Arkitektura Eskolako Diseinuko Graduko ikasleak Erizaintzako Graduko ikaskideekin elkartu ziren, lanbide horren bokazioaren benetako errealitatera hurbiltzeko asmoz.
Erizainen eta Emaginen nazioarteko urtea
Iaz Erizainen eta Emaginen nazioarteko urtea izan zen eta hura ospatzea zen erakusketaren hasierako xedea, baina “pandemiak, eta profesional horiek azken hilabeteotan lehen lerroan egin behar izan duten lan gogorrak erakusketa honek bizitza izatea eragin dute, hasierako helburutik haratago”, azaldu dute antolatzaileek.
Erakusketa doan bisitatu daiteke otsailaren 26ra arte, Kondestable jauregiko Civivox aretoan, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian