Gernikako museoak euskarazko hainbat lani buruz eztabaidatzeko eta obra horiek irakurtzeko topaketak antolatu ditu, hala nola, Kirmen Uriberen Bilbao-NY-Bilbao, Toti Mtz. de Lezearen Urak dakarrena edota Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoa.
Euskarazko literaturako hainbat lanen zatien bidez, Gernikako Euskal Herria Museoak jarduera bat aurkeztuko du hilero, literatura eta ondarea saio batean bilduz. “Testuetan landutako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak sortzeaz gain dinamika honek euskarazko irakurzaletasuna bultzatu nahi du”, adierazi dute. “Ondarea beti izan da idazle eta artisten inspirazio-iturri garrantzitsua. Euskarazko literaturak lotura estua du Euskal Herriko historia, ohitura, sinesmen, leku eta jendearekin”.
Hala, Gernikako museoak Euskarazko literatura eta ondarea bat eginda Euskal Herria Museoan programarekin egungo testuinguruari buruz hausnartzeko gonbita egin nahi die interesa duten pertsonei “kultura inoiz baino beharrezkoagoa den garai honetan”.
Programa otsailaren 18an, osteguna, abiatuko da, Kirmen Uriberen Bilbao-NY-Bilbao eleberriaren zati bat irakurrita; martxoaren 11n, berriz, Toti Martinez de Lezearen Urak dakarrena obraren txanda izango da, eta hilaren 25ean Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan obrarena, apirilaren 22an obra hautatua Bernardo Atxagaren Markak izango da, eta maiatzaren 22an Martha Gellhornen Pazkoa aurreko gaua lana, azken honetan Edorta Jimenez idazleak parte hartuko du. Azkenik, ekainaren 17an, Julen Belamunoren Hotz industriala – Ahaztutako pintoreak lanak itxiko du zikloa.
Saioak hilero eta aurrez aurre egingo dira. Ekimenean parte hartuko dutenek euskarazko testu-sorta batean oinarrituz landuko dute eztabaidarako aukeratutako gaia. Gainera, kasu berezietan, lanen egileek topaketan parte hartuko dute, hitzaldi txiki batekin eta ondorengo solasaldiarekin. Hori da Martinez de Lezea, Meabe, Jimenez eta Belamunoren kasua.
Topaketak arratsaldeko 17:30ean izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da 946 255 451 telefonora deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzita.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian