Goierriko ahozko ondarearen inguruko ikerketa lanetarako izango da beka. Ekainaren 30era arte bidali ahal izango dira proiektuak.
Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena emango zaio 2021ean ere. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dute berriro; aurtengoan, Gipuzkoako ikastolen jaia antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen babesarekin.
Hiru ikastolak Goierriko eskualdean daude kokatuta, eta hango ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako izango da beka hau.
“Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela” garbi ikusi zutela azaldu zuen Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, iazko Pello Mari Otaño ikerketa deialdiko proiektu sariduna aurkezteko agerraldian; Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak prestatutako Aiztondoren zirtotsa proiektuak eskuratu zuen saria orduan. Mintzolako kideek elkarlan proposamena pozik hartu zutela nabarmendu dute, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: “Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke”, berretsi zuen.
Proiektuak ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eta 3.000 euroko diru-laguntza esleituko da ikerketa lana garatzeko. Uztailean emango da ebazpenaren berri eta urtebeteko epea izango du ikertzaileak lana garatzeko.
Deialdiaren inguruko informazio gehiago, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian