Zaitegi beka eskuratu ondotik, Kazuo Ishiguro idazlearen Egunaren hondarrak (1989) izeneko eleberria itzultzea egokitu zaie Iñigo Roque eta Amaia Apalauzari. Egilearen hirugarren eleberria da eta Booker saria eta mundu osoan aho batezko onespena lortu zituen, film baten bidez are ezagunago bilakatu zen lana, eta egilearen Nobel sariak biribildu du haren ospea.
Ishiguro jatorriz japoniarra izan arren, britaniartzat du bere burua eta bere lan guztiak ingelesez idatzi ditu. Bere liburuetan, “mundu bat sortzeko nolako ahalmena duen kontatzen du, batez ere”, azaldu du Roquek, “zentzu horretan ez dio hainbesteko garrantzia ematen zehaztasun historikoari edo leku-denborak oso zehatz deskribatzeari, ez bada pertsonaiei eta hauen barruko emozioei”. Horretaz gain, “oso barrura” sartzen den prosa dela aipatu du itzultzaileak: “oso ondo ulertzen da eta zuzen sartzen zaio irakurleari” eta hori izan da, hain zuzen ere, Roqueren esanetan, itzulpena egiterako orduan alde eta kontra izan dutena, izan ere, “batzuetan sinplea dena itzultzea, ez da erreza izaten”.
Egunaren Hondarrak eleberria 1950.eko hamarkadan kokatuta dago eta bere protagonista nagusia Stevens izeneko maiordomo bat da: perfektua, itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egoerarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Jaun handien zerbitzari leial izatean datza haren handitasuna, eta hamarkada luzetan horretan jardun izanak ematen dizkio bere bizitzari zentzua eta harrotasuna. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bisita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du sei egunetako bidaia. Apalauzak azaldu duenez, “bidaian oroitzapenak iraganera joaten zaizkio etengabe, bi mundu gerren arteko garaira, hain zuzen ere”. Duela ia ehun urteko handiki ingelesen unibertsoa zehatz eta doi erretratatzen saiatu da Ishiguro, eta izaera konplexu baten azpildurak dotorezia eta ñabardura harrigarriz erakutsi, lanbidezko mirabetzak norainoko gogo-morrontza eragin dezakeen frogatuz, sentimenduei hoztasunez eusteak zenbateraino ekar dezakeen nortasunaren irentzea. Apalauzaren ustez, “eleberria oso baliagarria da garai hartako giro hori ezagutzeko”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian