Landako guneko argiak amatatu eta ateak itxi zituzten bart. Etxera bueltatzeko unea helduta, datorren urtera arte euskal kulturaren plazak agur esan zigun atzo. Bost egun arrakastatsu hauek sikiera urtean zehar kulturari kasu gehiago egiteko balioko balukete, tira, pozik egoteko motiboa izango litzateke. Baina, agur eta datorren urtera arte diogu, askok eta askok urtean bost egunez baino ez dutelako kultura aintzat hartzen.
Baina buelta gaitezen Landakora, lehen estimazioen arabera, 115.000 lagun batu dira aurten Durangoko Azokan. Antolatzaileek diotenez, “anitza, baikorra eta arrakastatsua” izan da 53. edizio hau. Milaka kulturzale beraz, korridore batetik bestera liburu eta diskoen itsasoan barna, gora eta behera ibili dira. Sortzaileen artean, badira jendeak sortutako olatua baliatuta eta neoprenozko jantzi on batekin babestuta, surf egitera irten direnak, baina horien artean badira ur masa horretan egoteko saiakera egin eta hondoratu direnak ere. Salmentak orokorrean onak izan direla aipatu dituzte hainbat argitaletxe eta diskoetxek. Gatibu, Huntza, Esne Beltza eta Ruper Ordorika izan dira itsasertzera hoberen heldu diren musika taldeetako batzuk. Literaturari erreparatuta, Toti Martinez de Lezea (Malkoak lur antzuan), Aritz Intxusta eta Aitor Agirrezabal (Altsasu. El caso Alsasua) eta Harkaitz Cano (Fakirraren ahotsa) izan dira, besteak beste, olatu onenak hartu dituzten idazleak.
Txanponaren beste aldean dago erakusmahaia ordaintzeko atera ez duenik ere, hori ere badelako azokaren parte. Are gehiago, erakusmahaia ordaintzeko adina diru izan ez duten sortzaileak ere badaude euskal kulturaren itsaso honetan, askoren begietan ikusezinak.
Feria gogoetarako espazioa ere badelako, eta hausnartzeko modukoa ere badelako Gorka Bereziartua kazetariak bere Argiako kronikan bota zuen galdera: “Badakizu Durangoko Azokan egunotan ikusi ditugun sortzaileetako ia inor ez dela lan horretatik bizi? … Agian ez da sindikatu bat. Agian da, nik zer dakit, sortzaileen mobilizazio bat jaka horiak jantzita, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan egunotan ikusten ari garena bezalakoa. Agintariei geldi esango dien zerbait, ezin dela horrela jarraitu, birpentsatu behar dela sistema kulturalaren egitura ekonomikoa goitik behera.
Bestela daukagulako hobeto edo okerrago joan daitekeen feria bat. Ia inork bere artea ogibide bihurtu ezin duen ekoizleena den Azoka hau”, bukatu zuen kazetariak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian