Korrika Kulturala aurkeztu du gaur Asier Amondo Korrika arduradunak, hainbat artistarekin batera, Gasteizko Baratza aretoan. Sei estreinaldi jasoko ditu aurtengo egitarauak, baina iragarri dutenez, ehunka izango dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak
Elkarlana da Korrika Kulturalaren izaeraren ardatza, eta horixe irudikatu dute gaurko aurkezpenean: Loraldia Festibaleko eta Baratza aretoko ordezkariak eta hainbat artistak hartu dute parte agerraldian.
AIKO dantza-taldeak zabaldu du ekitaldia, Garaikideak izeneko lanaren lagin batekin, “dantza entzungai eta musika ikusgarri” egiten duen lanarekin. Porrotx pailazoa ere egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria aurkezten: Musua ikuskizunaren estreinaldia egingo dute Korrika Kulturalean, “musuek biraka jartzen dutelako mundua”, dio.
Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak abesti bat Enkarguz sortzeko prozesua agertuko dute, sormena eta parte-hartzea ardatz dituen ikuskizunean. Kale-antzerkia ez da faltako Korrikaren ziklo kulturalean: Jule antzezlana eskainiko dute Hortzmuga Teatrokoek. Arte-adierazpide berriak ere izango dira, Beñat Krolem artistaren Oholtza performance-ari esker.
Estreinaldi handienetako bat izango da Kalaportu ikuskaria: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan izango dira emanaldiak.
Kulturalarekin batera, 21. edizioaren gailu adimenduetarako aplikazioa ere aurkeztu du gaur Korrikak. Bertan emanaldi guztien datak ikusgai egongo dira, orduak eta lekuak; lasterketaren zehaztasun guztiekin batera.
Amondok nabarmendu du elkarlana dela Korrika Kulturalaren oinarria eta herritarrei dei egin die Klika egin dezaten: “Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko konpromisoari Klika”. Euskararen aldeko konpromisoak hartzeko garaian gaudela esanez amaitu du agerraldia.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian