Eako Poesia Egunetako antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldu dutenez, uztailean antolatzen ohi dituzten jardunaldiek ez dute jarraipenik izango, aurten beraz, ez da hamaseigarren ediziorik egongo Bizkaiko Kostaldeko herri honetan. Ziklo baten amaiera dela sentitzen dutelako, gelditu beharra dutela adierazi dute ohar baten bidez, “pausatu, eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko, berritzaile izateak haustura dakarrelako, garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako, hutsunea eta zuloa sentitzeko eta sentiarazteko, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dugulako, literatur plazan konfiantza osoa dugulako, mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako, kultura ez delako kudeaketa hutsa, kultura etengabeko mugimenduan bizi delako”.
Haria eten, bide berriak josteko
Eak Gabriel Aresti idazlearekin zeukan zorra kitatzeko asmoz, 2004an omenaldi bat antolatu zuen. Hurrengo urteetan, poesia zaletasuna eta ekimenarekin jarraitzeko gogoa ikusita, hasieran Arestiren omenezko eguna zena, asteburu beteko poesia ekimen bihurtu zen, horrela sortu ziren Eako Poesia Egunak.
Antolatzaileek gelditzeko beharra sentitu duten arren, “zulo beltzaren gainean salto egin, eta zuritasun lauari aurre egiteko energia” oraindik badutela adierazi dute. “Hamabost urteotan zehar jositako haria eten, eta beste hari bati jarraitzeko intuizioa eta gogoa jaio zaizkigu eta laster helduko diogu hari berri horri. Hari zaharra eten behar, tenk, eta minez bada ere, agur esan behar diegu Eako Poesia Egunei. Minez, baina pozarren, ibilbide luze honetan ikasitakoagatik, eta utzitako arrastoagatik. Minez, baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa”.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian