Helduek irakurtzeko, helduekin irakurtzeko, eta lehen irakurleek aurreneko urratsak emateko pentsatutako irakurgaiak dira.
Katta izeneko bildumari (Elkar) hasiera emateko, Eskola eta Altxorra ipuinak idatzi ditu Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) eta Lotura Films-eko marrazkilariak ilustrazioez arduratu dira.
Idazleak azaldu duenez, Katta izeneko urtxintxa da istorio hauen protagonista. “Katta oso bizkorra da, ekintzailea, batzuetan kontenplatiboa…”, basoan agertuko zaigu protagonista bere lagun Ariela basurde pinpirinarekin, Bertol hartz baldar antzekoarekin, Gaxuxa azeri bihurriarekin, Ttotto eta Potto sugandila bikiekin, Mozart txantxangorri artistarekin, Greta tximeleta tristearekin, besteak mimatzen dituen Patziku trikuarekin, eta bidean, han eta hemen ezagutuko dituzten hamaika lagun gehiagorekin. Idazleak azaldu duenez, basoan, euren munduan agertuko zaizkigu pertsonaia guzti hauek, baina hortik kanpo ere ikusiko ditugu; hirian, hondartzan, kalean… “narrazioaren foko nagusia, askotan, Kattaren gainean egongo den arren, protagonismo hori banatuko da apurka bere kide guztien artean”, dio Meabek.
Helduek irakurtzeko, helduekin irakurtzeko, eta lehen irakurleek aurreneko urratsak emateko pentsatutako irakurgaiak dira Katta-renak, esaldi labur eta paragrafo neurtuez josiak, horiek apailatzeko, gatza, errimatxoak, hotsitzak, abesti zatiak eta koplaren bat ahaztu gabe.
Bi urteren ostean, Lekeitioko idazlea gogotsu bueltatu da Haur Literaturara Katta bildumarekin. 2017an Antxon Sarasua musikagilearekin batera, Maitte-maitte. Negar eta barre, munduan urtebete izenpean, umeei zuzendutako lana kaleratu zuen. Haurra jaio eta urtebetera bitarteko bizipenak eta etxekoen sentimenduak eta emozioak jaso zituen hamahiru kantuz osatutako disko-liburu honetan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian