Aramaion ateratako argazkiz eta bertsoz osatutako bilduma da.
Alex Mendikute argazkilariak eta Manex Agirre bertsolariak landu dute Begiz jotako koplak liburua eta beraiek egingo dute aurkezpena. Azaldu dutenez, 100 argazki inguru biltzen ditu Mendikutek liburuan, Aramaion ateratakoak 2010 eta 2017 artean eta denetan ageri dira herritarrak; batzuetan bakarka, beste batzuetan lagunduta edo taldean… zuri-beltzean. Manex Agirrek, berriz, irudi horietako bakoitzari bertso bat jarri dio, kasuan kasu neurri ezberdinekoa. Uztartzeko moduak baina, lan apur bat izan duela dio: “bertsoak idazterako orduan, distantzia jartzea garrantzitsua izan da”. Horren ondorioz, pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak.
Beraz, liburuak bi «irakurraldi» merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute.
Liburuaren ideia Mendikuterena izan zen. Aipatutako urte tartean ateratako argazki kopuru itzela hartu, eta bien artean aukeraketa bat egin zuten, hainbat irizpideren arabera (bertsoak jartzeko egokiak diren ala ez erabakitzea, irudien arteko oreka zaintzea, bertan agertzen diren herritarrak ez errepikatzea…). Gero, aukeratutako argazkietako protagonistei baimena eskatu, eta bertsoak sortzeko prozesua hasi zen. Argazki bakoitzari ideia bat “apurtu”, garatu, osatu…
Liburua oso lokala dela diote, “argazkietan agertzen direnak ezagutzen dituenak gozatuko du gehien. Hala ere, herritik kanpora ere interes apur bat badu, beso zabalik hartuko dugu…”
Sastiñako festibalaren barruan egingo da liburuaren aurkezpena, bihar, irailak 20, arratsaldeko 19:30ean. Bertan salgai jarriko dutela iragarri dute. Salmentako dirua Aita Mari ontziarendako izango da
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian