Urriaren 24ra arte luzatuko da aurten jaialdia eta Kubako mugimendu feministaren hastapenak izango da aurtengo edizioan jorratuko den gaietako bat.
Gaur emango diote hasiera Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiari eta hilaren 24ra arte luzatuko da. Guztira, 74 film ikusi ahal izango dira 28 egoitzetan zehar banatuta. Bilboko Azkuna zentroan 19.30ean, izango da irekiera ekitaldia Marilyn Solaya kubatarraren En busca de un espacio lanaren estreinaldiarekin.
Hamar urte baino gehiago dira Film Sozialak Zinema Ikusezineko Nazioarteko Jaialdia antolatzen dela. Zinemaldi honek aniztasuna eta gizarte konpromisoa aldarrikatzen ditu, beren obren bidez gizateriaren bozeramaile bihurtu diren hainbat komunikatzaileren eskutik.
Juan Carlos Vázquez zuzendariak nabarmendu duenez, Film Sozialena “zinema mota konprometitu bat da, ohiko pantailetan, maiz alde batera uzten diren gaiak erakusten dituena: garapen iraunkorra, genero berdintasuna, giza eskubidea, kulturartekotasuna, aniztasuna, migrazioak…”.
Fikzio, dokumental eta animazioak proiektatzeaz gainera, publikoaren eta ikus-entzunezkoen arloko mundu osoko sortzaileen arteko gogoeta eta eztabadaiarako espazioak eskaintzen ditu jaialdiak.
Antolatzaileen arabera, hasieratik bertatik, berdintasunezko ekintza positiboak aplikatzen ditu jaialdiak, obrak aukeratzeko, zabaltzeko, emakume zinemagileen presentzia bermatzeko eta epaimahaikideak aukeratzeko, besteak beste. Aurten, berritasun gisa, ‘Klikatu Zinema Ikusezina’ plataforma abian jarriko da, Jaialdiko filmak online zabaltzeko.
Zuzendariaren arabera, “nartzisismoa, demagogia eta aldebakartasuna nagusi diren garai batean bizi gara. Gero eta mendekotasun handiagoa dugu algoritmoekiko, gero eta urrunago gaude pentsamendu kritikotik eta indar betean dabiltza nazioarteko polarizazio haizeak”. Testuinguru horretan, zinema sendagarri eta eraldatzailea zabaltzearen aldeko apustua egin nahi du zinemaldiak.
Solayak bestalde, Todas proiektu feministaren baitan dagoen argazki erakusketa bat paratu du Bilbon eta hilabete amaierara arte egongo da ikusgai. Kuban egon den feminismoaren eta sufragismoaren ibilbide historikoa erakusten du.
Aralar, mundua leku den lurra izango da jaialdian proiektatuko den dokumentaletako bat. Nafarroako eta Gipuzkoako mugan dagoen Aralarko ondare natural eta kulturalaren erakustoki izateaz gain, lanak gogoetarako gonbitea egiten du.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian