Euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik eta euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dutenentzat erreferente izateagatik.
Bai Euskarari Elkarteak “euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik eta euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dutenentzat erreferente izateagatik” saritu ditu aurten Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika.
“Batzuk argi gehixeago egingo dute, besteek gutxixeago, baina guztiak dira beharrezko euskararen bidea eta sortzen eta handitzen ari diren euskararen espazioak geroz eta argiagoak eta dirdiratsuagoak izan daitezen”, azpimarratu dute elkartetik.
Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak ekitaldian adierazi duenez, elkartearen xedea “alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea da”, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. “Urte hauetako oztopoei aurre eginez, euskararen bidea argitzen lanean ari gara Bai Euskarari Elkartean, Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen guztiokin elkarlanean. Izpiz-izpi, guztion argiak dira beharrezko”, gaineratu du.
Gutierrezek bestalde, Euskal Herri osoan jauzia emateko garaia dela nabarmendu du, “denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz”.
Deustuko Bordatxo jatetxea izan da saridunetako bat. Bertako nagusiek duela 30 bat urte erabaki zuten euskara ikastea, baina ez hizkuntza bat gehiago jakiteagatik bakarrik, euskaraz bizi nahi zutelako baizik. Filosofia horixe beraien enpresara eraman dute, eta naturaltasunez dihardute euskaraz lanean. Bai Euskarari ziurtagiria dute, ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ maila.
ABB Niessen enpresako euskara batzordeak bere aldetik, 20 urte bete ditu aurten eta, urte berean, Bai Euskarari Saria jasota ederto borobildu dute urteurrena. ABB multinazionalaren barruan dago Niessen lantegia, baina euskararekiko atxikipen handia dute enpresan, langileen arteko kohesiorako gako garrantzitsu bihurtzeraino. Bai Euskarari ziurtagiria dute, ‘Bidean’ maila.
Mertxe Mugika izan da hirugarren saritua. “Euskarari ekarpen handia egiten dioten pertsonak saritu ditugu urtero eta aurten, bereziki, lan-munduarekin ere lotu nahi izan dugu sari hau. Izan ere, Mugika Euskal Herriko kooperatiba handienetariko bateko buru izan baita”. Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiaren postua utzi zuen irailaren 30ean, hamahiru urte egin ostean. “Urte horietan guztietan egin duen lana aitortzeko eman diogu aurten Bai Euskarari Saria”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian