Hainbat euskal sortzaile eta kulturgileekin batera “liburu gozo bat” osatuko dute “hain mingotsa den egoera bati aurre egiteko asmoz”.
Txokolate kikara baten bueltan bildu dira Zaporeak (Oraitz Garcia), Gaztezulo (Gaizka Izagirre) eta Diapositivisme Studio (Galder Izagirre), elkartasun proiektu hau aurrera eramateko, Greziako Lesbos uharteko haur errefuxiatuen kanpalekuko haurren hezkuntza ardatz hartuta. Azken fasean gainera Amaia Ocerin kultur eta sormen arloko komunikazio eta marketin aditua batu da proiektura.
Kikarakada ez dela argazki bilduma soil bat izango aurreratu dute proiektuaren bultzatzaileek, ez eta hitz polit andanez osatutako esaldien segida estetiko bat ere. Egitasmo hau batez ere elkartasun sormen bat dela azpimarratu dute, mundu geroz eta indibidualistago honetan.
Bertan hainbat euskal sortzaile eta kulturgilerekin batera “liburu gozo bat” osatuko dute, “hain mingotsa den egoera bati aurre egiteko asmoz”. Egitasmoan izango dute euren lekua: Ane Irazabal, Harkaitz Cano, Fermin Muguruza, Miren Amuriza, Pello Reparaz, Ilaski Serrano, Xabier Madariaga, Kike Amonarriz, Itxaro Borda, Jon Maia, Martxel Mariskal edota Laura Mintegiren testuek, beste askorekin batera, eta baita Joseba Arguiñano, Anne Otegi, Vanessa Blazquez, Andoni Luis Aduriz, Pedro Subijana, edota Juan Mari eta Elena Arzaken errezetek ere, besteak beste.
Lehenik ordea, kikara berezi bat salgai jarriko dutela iragarri dute. “Txokolatea pozari lotutako elikagai unibertsala dela sinetsita kikara eder bat prestatu dugu nahi duen orok elkartasunetik edan dezan eta bide batez, liburu hau finantzatu”. Izan ere, liburua eskuetan txokolate kikara bero bat hartzearen parekoa izatea nahi dutela diote, “ez dadin egon inongo haurrik txokolatezko irribarre bat margotzeko aukerarik gabe, ez eta hezkuntza duin baterako eskubiderik gabe ere”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian