Proiektua azaroaren 21ean Azpeitiko Antzerki Topaketetan eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
Ganbila proiektua Susa argitaletxeak bultzatutako liburu bilduma da, EHAZE-Antzerkizale elkartearekin batera elkarlanean, Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatu du proiektua.
Ganbila bildumaren barnean sei antzerki liburu argitaratuko dira urtero: hiru udaberrian eta beste hiru udazkenean. Proiektu berri honekin euskal teatroaz ikuspegi zabala eman nahi dute, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”, diote.
“Teatro testu askok ez dute literatura helburu, eta hala ere, literatur balio handikoak izan daitezke”, uste dute Ganbila sortu dutenek; “irakurleek teatroan idazle diren ahots berri asko topatuko dituzte bilduma honetan, normalean beren buruari literatur idazle etiketa jartzen ez diotenak. Haiek eszenara eramandako hitzak irakurriko ditugu batzuetan, oraindik eraman gabekoak besteetan, baina baita ere antzerkigileen sormen prozesuei buruzko gogoetak eta aldarriak”.
Azaldu dutenez gainera, “eszenako erritual askeak, aske denean, permititzen duen aho bilorik gabeko gai multzoa ekarri nahi genuke literaturara”.
Ganbila hutsune bat betetzera dator, izan ere “denbora luzea eman dugu euskaraz idatzitako teatro-testu bilduma egonkorrik gabe”. Hala paperean nola sarean artxibategi bokazioz osatzen joango diren tituluen bilduma zabala izango da.
Udazken honetarako Bazterreko ahotsak izenpean, Beheko Larraine taldearen bi antzezlanez osatutako liburua, Tartean Teatroak estreinatuko duen Simplicissimus antzerki obraren gidoia eta Francoren bilobari gutuna antzezlaneko testuarekin batera Ximun Fuchs zuzendariak sortze prozesuaz idatzitako testua kaleratuko dituzte.
Bilduma sostengatzeko harpidedun kanpaina ere jarri dute martxan (informazioa hemen).
Ganbila bilduma azaroaren 21ean, Azpeitiko Antzerki Topaketetan eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian