Joan den irailean Eusko Jaurlaritzak kultur arloko genero arrakalaz aurkeztutako txostena abiapuntu hartuta, Genero programak eta praktikak kulturan jardunaldiak antolatu dituzte larunbatean, azaroak 30, Donostiako Miramar jauregian.
Antzerkian, dantzan, literaturan eta musikan genero-berdintasunaren egoerari buruzko ikerketa aurkeztu zuen aurtengo irailean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Azterketa horretarako, kultur munduko hainbat pertsonaren gogoetak hartu zituzten kontutan aztertzaileek; Eneritz Artetxe (antzerkiaren sorkuntza), María Goiricelaya (antzerkiaren industria), Igor de Quadra (dantzaren sorkuntza), Jemima Cano (dantzaren industria), Tere Irastorza (literaturaren sorkuntza), Ainhoa Novo (liburuaren industria), Ainara Legardón (musikaren sorkuntza) eta Amaia Ispizua (musikaren industria). Azterketak EAEn emakumeen okupazioa %46,5koa zela eta gizonena %55,1ekoa zela argitzen zuen.
Larunbateko jardunaldietan, beraz, dantzan, literaturan, musikan eta antzerkian emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoerari buruz analisi informatu bat eskainiko da, bai sorkuntzaren, eta bai industriaren ikuspegietatik. Sortzaileek beraiek aurkeztuko dituzte azterlanak.
Jardunaldiek bestalde, ikerketen esparruan genero-arrakalak identifikatu diren eremuetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna hobetzeko sortu diren esku-hartze proposamenen inguruan lan egitea dute xede. Helburu hori lau tailerretan landuko dute: dantza, literatura, musika eta antzerkiaren sektoreetan banatuta egongo dira. Amaieran, balorazioa egin eta ondorio orokorrak plazaratuko dituzte.
Jardunaldietan izena emateko hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian