Otsailaren 23ra egongo da zabalik erakusketa interaktiboa, doako sarrerarekin Donostiako San Telmo Museoan.
Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea da (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua: Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza. Atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenek ere presentzia duten erakusketa da: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratzen duena eta dagoeneko hamar liburuki dituena.
Erakusketa birtuala, Euskaltzaindiaren webgunean ikusgai dago hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian