Iaz idatzitako Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuaren jarraipena da lan berria.
Airea ez da debalde izeneko lana plazaratu du Joseba Sarrionandia idazleak (Iurreta, 1958). Duela urtebete juxtu idatzitako Bizitzea ez al da oso arriskutsua? saiakeraren jarraipena da lan berria. Egileak gogoetarako beta eskaintzen du iazko azaroaren 1etik aurtengo otsailaren 28ra bitarteko idatziak biltzen dituen liburu honetan.
Pamiela etxeak editatuta, Joxemari Iturralde eta Fernando Reyk aurkeztu dute Habanako gaukaria, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Pasa den urtean argitaratutako lanarekin egin zuen bezala, liburu berria Habana hirian eta gauez, idatzi du Sarrionandiak. “Egunerokotasunez eratutako saiakera literarioaren ubera hari jarraitzen dio Airea ez da debalde honek ere. Kronika asko daude Habanakoak, hiriak 500 urte betetzen dituen urtean senitartekorik zaharrena balitz bezala: lekua, gauden lekua izateaz gainera, garen lekua da”.
“Indigena, beltz, nazio baztertuko, diru gutxiko, emakume edo errebelde izatearen zoritxarrez eta dohainez arituko gara”. Horretaz gain. noizean behin, telebistan bizi nahi ez duen eta kosmonauta izan nahi lukeen ume bat pasatuko da. Bizitzaren eta aniztasunaren aldeko erresistentzian, pertsonaia biziekin batera, mamuak ari dira: Eguzkia errona edatera gonbidatu eta goizaldetik zain dagoen Enriquito, Anaïs Ninekin besotik helduta Vedadoko 11 kalean barrena ibiliko den Bartolome Santa Teresa edo Carel Fabritiusen kardantxiloa.
Lezio batzuk ere izango dira, konfusioan. Esate baterako, Onelio Jorgeren eskutik ikasiko dugu bizitzan bi gose daudela, ogiarena eta koral zaldiarena. Errealitateagatik ez ezik, imajinazioagatik ere bizi garela.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian