Barrikote festa datorren larunbatean, martxoaren 14an, egingo dute 17:00etatik aurrera. Bertan bisita gidatu antzeztua, Kirikoketa emanaldia, sagardo eta Bertatik Bertara produktuen dastaketa… izango dira.
Datorren martxoaren 14an, Barrikote festaren XVII. edizioa egingo da Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoan. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetarikoa da festa hau. Barrikotea ziklo oso baten emaitza da, prozesu luze baten azken uzta, Sagardo astean, urrian, baserri dolarean egindako Igartubeitiko sagardoa dastatzeko urteko une bakarra.
Arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera festari, baserrian zehar egingo den bisita gidatu antzeztu batekin, parte hartzaileek Amaia Ruiz aktoreari esker, Igartubeiti ezagutu ahal izango dute Ixabelen gidaritzapean. Jarduera honetarako tokia mugatua da eta aldez aurretik eman beharko da izena igartubeiti@gipuzkoa.eus-en edo 943 725107, martxoaren 11 baino lehen.
18:00etatik aurrera barrikotea irekiko da, Zeraingo Oiharte sagardotegiko Maite Retolaza edizio honetako gonbidatuarekin, Kirikoketa taldearekin eta trikitilariekin batera. Ezkio-Itsasoko Baserri Museoak sagardo munduan emakumeak betetzen duen paper garrantzitsuari gorazarre egin nahi dio. Txotx-aren ondoren, sagardo eta Bertatik Bertara produktuen dastaketa izango da. Festan zehar, parte hartzaileen artean Bertatik Bertara produktuen saski bat zozketatuko da.
Igartubeitiko barrikotea prozesu luze baten emaitza da. Antzinean, lan guztiak amaitzen zirenean, upel bat muztioz betetzen zuten. Bi aste beranduago bizilagunen arteko festa bat antolatzen zuten Barrikotea dastatzeko. Baserri Museoan, sagardoa dastatu aurretik hainbat lan burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian