Kulturaldiarako programatuta zeuden ekimenetako batzuk beste dataren batean eskainiko dituela iragarri du Basaizea elkarteak.
Koronabirusaren krisiaren eraginez, bata bestearen atzetik doaz Euskal Herrian bertan behera geratzen ari diren ekimenak. Atzo Sarako Idazleen Biltzarra atzeratuko dutela ezagutzera eman genuen. Gaur berriz, Kulturaldia eta Nafarroaren eguna bertan behera utzi duela iragarri du Basaizea Kultur Batasunak. “Basaizeako kideok zorigaitzez erran behar dizuegu aurtengo kulturaldia eta Nafarroaren Eguna ezeztatiak direla… Eskerrak antolaketan aritu diren guzier animazio, teknika eta komunikazio taldeak. Baita proiektuetan parte hartu nahi izan duten pertsoner ere !”, adierazi dute sare sozialen bidez.
Hala, Basaizeak martxoaren bukaeratik apirilaren bukaerara antolatuta zeukan programazio osoa bertan behera geratu da. Kulturaldiaren 41. edizioa esaterako, martxoaren 29tik apirilaren 25era ospatu behar zen, Nafarroaren Eguna berriz, apirilaren 26an. Hala ere, Kulturaldiarako programatuta zeuden ekimenetako batzuk beste dataren batean eskainiko dituela iragarri du elkarteak.
Basaizea Kultur Batasunak 1979tik Nafarroaren Egunarekin bukatzen zen Kulturaldia antolatu izan du Baigorrin. Kultur egitarau honek tokiko elkarte dinamikan oinarrituz, lehentasuna ematen die euskarazko edo euskal kulturarekin zerikusia duten ekimenei (dantza, antzerkia, bertsolaritza, musika…).
Nafarroaren Eguna, Nafarroako mugetatik askoz urrunago famatua den hitzordu nagusia, Baigorriko Kulturaldiaren hitzordurik ezagunena da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian