Ekimenak herritarrek beren etxeetako balkoi, terraza eta leihateetan egiten dituzten esku-hartze artistikoak bultzatzea eta saritzea du helburu.
Getxoko Kultur Etxeak Getxoko Balkoiak lehiaketa abian jarri du herritarrek berrogeialdia dela eta, beren etxeetako balkoi, terraza eta leihateetan egiten dituzten esku-hartze artistikoak bultzatu eta saritzeko asmoz. Bat-batean sortu diren jarduera horiek abiapuntu hartuta, herritarrak beren gaitasun artistikoak erakustera animatu nahi da ekimen honen bitartez, alarma egoerak dirauen bitartean sormen-kulturala mantentzeko apustu eginda.
Lehiaketarako deialdia alarma egoera amaitu arte egongo da zabalik (edozein kasutan ere, gehienez bi hilabetekoa izango da parte hartzeko epea) eta ekitaldi artistiko anitzak egitea du ardatz nagusi; esate baterako, antzezkizunak, lan musikalak, ipuin-kontaketak, magia ikuskizunak, bertso-saioak, dantza koreografiak, txotxongiloak eta irakurketa dramatizatuak.
Esku-hartzeak edozein hizkuntzatan egin ahal izango dira eta horien iraupena, gehienez, 15 minutukoa izan behar da. Saio guztiak balkoi, terraza, begiraleku, leihate, teilatu lau eta, oro har, eraikin baten barruan dauden eta kanpoaldera zabalik dagoen edozein espaziotan egin behar dira. Jardueran parte hartuko duten pertsonak etxebizitza berean bizi behar dira, eta ez dira onartuko bizilagunak lekualdatzea dakarten edo martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren xedapenak urratzen dituzten proposamenak.
Helbidea Getxon daukaten pertsona fisikoek soilik hartu ahal izango dute parte deialdi honetan, eta nahi beste esku-hartze aurkeztu ahal izango dira. Parte hartu ahal izateko posta elektronikoa bidali behar da kulturetxea@getxo.eus helbidera, datu pertsonalak eta bideoaren esteka jarrita. Halaber, partaideek sare sozialetara (Facebook eta Instagram bereziki gomendatzen da) igo behar dute esku-hartze artistikoaren bideoa, #Getxokobalkoiak traolarekin, eta Getxo Kultura etiketatu. Deialdiaren oinarriak www.getxo.eus/getxokobalkoiak webgunean eta Getxo Kulturaren sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram) daude eskura.
Sariei dagokienez, lehiaketan 600 euroko hamar sari banatuko dira. Atsegin dut, like edo halako gehien dituzten bost bideoak automatikoki sarituko dira. Gainerako bostak epaimahai batek emango ditu, kalitate artistikoari dagozkion irizpideen arabera. Epaia, berandurenez ere, parte hartzeko epea itxi eta 15 egun barru jakinaraziko da, eta apelaezina izango da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian