Kaleko artisten XXI. azoka maiatzaren 14tik 17ra egitekoa zen, baina koronabirusaren krisiaren eraginez, ez egitea erabaki du udalak.
Leioako Umore Azokaren 21. edizioa bertan behera utzi du Leioako Udalak. “Erabaki gogorra da, asko kostatu zaigu hartzea, eta bide guztietatik saihesten ahalegindu garen arren, egungo egoerak ez digu beste aukerarik utzi. Leioa udalerri arduratsua da, eta beste ezeren gainetik pertsonen segurtasuna dago”, adierazi du Iban Rodríguez Etxebarria alkateak.
Hogei alditan jarraian egin ondoren, ekitaldi honen historian bertan behera utzi behar izan den lehen aldia da. “Aztertu ditugun aukera posible guztien artean, hau gogorrena baina errealena da. Jasaten ari garen pandemiaren eta ondorengo eraginen inguruko zalantzak ikusita, ezinezkoa da aurreko urteetako bermeekin eta eraginkortasunarekin egitea”, adierazi du Umore Azokaren antolakuntzak.
Leioako Udaleko Kultura Sailak gogorarazi duenez, martxoaren erdialdetik indarrean dauden neurriek aurretik ere eragina izan dute konpainien mugikortasunean eta prestakuntza lanetan. “25 estreinaldi zeuden aurreikusita, eta konpainiek zailtasun handiak izan dituzte euren sorkuntza lan berriak aurkezteko. Gainera, horietako askok behar logistikoak zituzten, estrukturak, eszenografiak, entseguak eta abar, eta une honetan horiek guztiak kudeatzea oso zaila zen”.
Abagune horiei guztiei, ekitaldiaren antolakuntzarentzat oinarrizkoak diren zenbait zerbitzuren egoera nahasia gehitu behar zaio, ostatuak, jatetxeak, estrukturak… Horiek guztiak ezinbestekoak dira azokak behar bezala funtzionatzeko, eta une honetan ez dira erabilgarriak.
“Kalean egiten den antzerkiaren oihalak altxatuko ditugu, are eta ilusio handiagoarekin, artistekin gozatzeko, eta berriro elkartuko gara … Umore Azoka Leioa –XXI – 2021ean”, adierazi du antolakuntzak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian