Egileek euskal demokrazia patriarkala lau dimentsiotan aztertu dute: lan ordaindua, lan ez ordaindua, estatuaren ongizate erregimena eta espazio politiko-publikoa.
Euskal demokrazia patriarkala (Eztabaida bilduma, Elkar) liburua aurkeztu dute Jule Goikoetxeak, Lore Lujanbiok, Zuriñe Rodriguezek eta Estitxu Garaik. Ikerketa lan honetan Euskal Herriko patriarkatu neoliberalaren ezaugarri estrukturalak eta patriarkatu neoliberalak emakumeen eta gizonen ongizatean, boteretzean eta demokratizazioan dituen ondorioak erakusten dira.
Egileek patriarkatu neoliberala ulertzeko sistema kontzeptual bat proposatzen dute liburuan, gure gaurko mundua hobeto ulertzeko, xeheki aztertzeko eta modu eraginkor batean iraultzeko.
Euskal Herriko patriarkatu kapitalistaren ezaugarri estrukturalak Europako gainontzeko herrialdeen berberak direla diote. “Arloka saiakera ezberdinak egin diren arren, ez dago patriarkatu kapitalistaren dimentsio ezberdinak eta haien ondorioak modu bateratuan ikertu dituen aurrekaririk”, hori da, hain zuzen, lan honen berrikuntza nagusia.
Hala, Goikoitxeak, Lujanbiok, Rodriguezek eta Garaik euskal demokrazia patriarkala lau dimentsiotan aztertu dute: lan ordaindua, lan ez ordaindua, estatuaren ongizate erregimena eta espazio politiko-publikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko datuez gain, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Euskal Hirigune Elkargoko zenbait datu ere bildu dituzte.
Liburuan patriarkatuaren birsortze mekanismoak aztertzen dira eta ondorioetako bat da emakume eta gizonen arteko desberdintasuna botere edo kapitalen arteko desberdintasuna dela, biolentzia ezberdinduak barne. Hau da, emakumeek gizonek baina biolentzia sinboliko eta material handiagoa jasateaz gain, gizonek baino lan gehiago egiten dute. Aldiz, haiek baino kapital ekonomiko, kultural, sozial eta sinboliko gutxiago dute.
“Agerian geratzen da ezinezkoa dela demokratizazioa despatriarkalizaziorik gabe, zeinak desmerkantilizazio eta desfamiliarizazio prozesuak behar dituen aldi berean”. Azken hori nola egiten den jakiteko, proposamen zehatzak eta orokorrak jarri dituzte egileek mahai gainean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian