Tabakalerako ikus-entzunezko edukien laborategiak zortzi proiektu hautatu ditu. Uztailetik aurrera, hautatutako pertsonek aholkularitza-programa bat eta 4.000 euro izango dituzte aurkeztutako proiektua aurre-ekoizteko.
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, euskarazko ikus-entzunezko edukien 2deo laborategiaren bidez, 2deo 2020ko deialdia ebatzi du. Deialdira 99 proiektu aurkeztu ziren eta horien artean zortzi hautatu dituzte. 2deoren deialdiaren helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak garatu eta prototipatzea da; gainera, 2deoko arduradunen arabera, “hirugarren deialdian parte hartze handia egon da, gehienbat hautagai gazteak izan ditugu eta euskaraz proposatutako edukiak; ondorioz, 2deoko laborategia finkatu egin da sormen espazio gisa, eta Euskal Herriko egungo ikus-entzunezko sektorearen leiho garrantzitsu bihurtu da”.
Uztaila eta azaroa bitartean, 2deo laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu ikus-entzunezko proiektuak aurre ekoizteko. Gainera, aholkularitza profesionala eskainiko du edukia kontatzeari, lan-prozesuei, proiektuak gauzatzeari eta jabetza intelektualari dagokienez. Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du.
Honako hauek dira preprodukzio-fasean 2deo laborategian lan egiteko hautatutako proiektuak: Patrimonio Virtual SL (Arkikus): Parallel V R Dantza, errealitate birtual paraleloko (PVR) app bat; Euskal Wikilarien Elkartea: Ikusgela, euskarazko eduki pedagogikoen web-plataforma bat; Kim Maiteny Munoa: Uroboros telesaila; Jone Arriola: web bidezko Females saila, Mirokutana Koop Elk. Txikia: Zapata Berriak telesaila; La Traka Producciones: web bidezko Elizalde Zinema saila; Carolina Cruz: web bidezko Zuzenean saila; Pello Reparaz: Fatum bideoklip interaktiboa.
Hautagai bakoitzak mentoring programa bat izango du proiektua egiteko eta txosten bat aurkeztu beharko du. Azaroan aurkeztutako txosten guztiak aztertuko dira eta gehienez ere hiru proiektu hautatuko dira. Horiek bigarren fase batean sartuko dira, prototipatze-fasean.
Bigarren faseak 2021eko urtarriletik maiatzera arteko iraupena izango du eta hautatutako proiektuen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da. Prozesuan sortutako prototipoaren aurkezpen publiko bat egingo da eta, horretarako, jendaurreko ekitaldi bat antolatuko da 2021eko maiatzean, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian.
Pikuak saila
Web bidezko Pikuak saila 2deoren 2018ko deialdian hautatu zen eta Tabakalerako laborategian gauzatu zen; “gaur egun, arrakasta itzela du eitb.eus webgunean, adierazi dute. Ekainaren 15ean estreinatu zen eta estreinaldiko astean, Maddi Castrok zuzendutako sailak 13 mila ikusle lortu ditu. Umore eta ahizpatasun kantitate handiak dituen web bidezko saila da eta, bertan, garrantzi handia dute familiak eta mugimendu feministak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian