Lekeitioko idazleak eta Bilboko ilustratzaileak Begiak zerumugan izeneko poesia liburu ilustratua aurkeztu dute.
“Paisaiak sentimendu bihurtzen dituen liburua” da Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorearentzat, gaur, Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) idazleak eta Ane Pikaza (Bilbo, 1984) ilustratzaileak aurkeztu dutena. Begiak zerumugan jarrita, haize-arrosa batek gidaturiko bidaia proposatzen digute Meabek eta Pikazak, “jolas batean bezala, poemetako bakoitzari darion musikari jarraituz, osatuko du irakurleak poema liburu ilustratu honen pentagrama”.
Meabek 2003tik hona sortutako 200 poema inguru pilatu ditu, batzuek Irrien Lagunak aldizkarian ikusi dute argia, beste batzuk aldiz, beste argitaletxeetako liburuetan jaso dira. Material guzti hori galduta edo sakabanatuta geratzearekin kezkatuta, poema guzti horiek berreskuratu eta “ganorazko edo beteenekin” geratzea erabaki zuen, “obraren barruan koherentzia bat izango zutelakoan”. Hala, libururako 68 poema aukeratu eta lau ataletan banatu ditu, “guztiak lotzeko, hari argumental sotil bat dago”, adierazi du egileak. Atal bakoitzean pertsonaiaren ibilbidea jarraitzeko gakoak ematen ditu.
Poemekin batera, 48 aforismo ere bildu ditu Meabek, “aforismo hauek poemek igortzen duten mezuekin lotura daukate, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan atmosferarekin”, dio idazleak. “Mapa txikiak deitu diet, norberaren baitako geografia markatzen dutelako. Batzuetan mapa horiek agerian daude eta beste batzuetan ez”.
Meabek Ane Pikaza izan du lagun proiektu honetarako, bien arteko “bidaia bat” osatuz. Ilustratzailearentzat erronka bat izan da eskuartean dugun liburuaren ilustrazioak sortzea, izan ere, hasiera batean poemak irakurri zituenean, milaka irudi etorri zitzaizkion burura, “Meabek iluntasunetik argitasunera doan bidaia bat zela esan zidan. Hari horretatik tiraka, berriro dena irakurri nuen eta niretzako baliagarriak ziren irudiak sortu nituen”. Bide desberdinak ireki ostean, “azkenean, “zerumugaraino doan bidaia bat egitea proposatu genuen. Bidaiaren zati bakoitzak Meaberen poesiarekin bat egiten du, eta aldi berean bere osotasunean bide oso hori osatzen du”.
(Bideoa: Ane Pikaza)
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian