Argazkiak Photomuseum aretoan egongo dira ikusgai abuztuaren 23ra arte.
Jon Martinez Ibarra argazkilariak mendi arloko 40 emakume erretratatu ditu eta horietako 16 argazki Zarauzko Photomuseum aretoan ikusgai dagoen Mendia femeninoan erakusketarako bildu ditu. “Argazkigintzan, erretratuak pertsonak itxuraz nolakoak diren erakuts dezake, baina gutxitan diren bezala erakusten ditu”, eta horixe da Martinezen lanaren bertuterik handiena.
Argazkilari eta mendizale gasteiztarrak bere helburuak lortu dituzten emakumeen ametsak jaso ditu argazkietan. Emakume hauen begiradetan erakutsitako bizi-energia, mendia maite duten milaka lagunek partekatzen dute; izan ere, bizimodu bilakatu dute mendia, eta aisialdia pasio bihurtu dute.
Edurne Pasabanek, euskal alpinistak, honako hau zioen elkarrizketa batean: “Mendia eskola handi bat da. Xumea izaten eta dauzkagun gauzak aintzat hartzen, adorea izaten, ez amore ematen, eta, batez ere, pertsonak eta natura errespetatzen irakatsi dit”.
Erakusketa honetan, mendi arloko modalitate ezberdinetako erreferenteen zuri-beltzeko erretratu-sorta ikus daiteke. “Lan honetan, horietako emakume bakoitzaren atzean aurkitzen den humanismoa behatzen dugu, non bizitza muga izugarrietara eraman dutenen borondatea, indarra eta adimena erakusten den”, adierazi du argazkilariak.
Erakusketa honek omenaldia egin nahi die emakume hauei, guztiei, baita hamarkadatan mendia beren bizitzan erreferente bihurtu dutenei ere.
Mendia femeninoan erakusketa Zarauzko Photomuseum aretoan egongo da ikusgai abuztuaren 23ra arte.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian