San Telmo Museoak aurkeztu duen mapak ondare historikoa eta naturala ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du. App-an, berriz, begiratokiak, naturari buruzko informazio gehiago eta museoaren bildumako argazki zaharrak gehitu zaizkio ibilbideari.
Donostiako Urgull mendiak duen aberastasuna hobeto ezagutzeko, San Telmo Museoak bi euskarri landu eta prestatu ditu bertako ondare historiko eta naturalaren puntu garrantzitsuenak aurkezten dituen ibilbide bat proposatzeko. Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin osatu dira naturari dagozkion edukiak. Alde batetik, paperean mapa bat argitaratu du museoak, eta bestetik, aplikazio bat.
Mapak gaurdaino iritsi diren bide eta gotorlekuen egitura aurkezten du eta bere txokoetan galtzeko zailtasun gutxiko ibilbidea proposatzen du. Aplikazioak berriz, ibilbide horretaz gain, espezie naturalei, begiratokiei eta museoaren bildumako argazki zaharrei buruzko azalpenak ematen ditu. 22 argazki zahar dira, museoaren funtsaren erakusgarri. 140.000 argazki eta dokumentu baino gehiago ditu bilduma honek, eta hiriko eta lurraldeko zaharrenetako eta garrantzitsuenetako bat da, bai prozesu teknikoen aniztasunagatik, bai eduki historikoagatik.
Gonzalez Galarza fondoaren irudiak nabarmentzen dira app-an. Gutxi gorabehera 1910etik aurrera, Gregorio Gonzalez Galarzak eta bere seme Carmelok Gipuzkoako hiriburuko monumentu nagusiei argazkiak atera zizkieten xehetasunez, eta argazki komertzialen ordezkari nagusi izatea lortu zuten beren posta-txartelen bidez, 1920, 1930 eta 1940ko hamarkadetako Donostiako eta lurraldeko herri ezagunenetako funtsezko erreferentzia grafiko bihurtuz. Hermenegildo Otero eta Valentin Marin argazkilari aitzindarien bi irudi ere aukeratu dira, XIX. mendearen amaieran beren garaian zabaltzen ari zen teknologia erabili zutenak.
Hala, ibilbidea San Telmon hasten da; bertan mapa eskuratu eta app-a deskarga daiteke, instalatu ondoren konexiorik gabe funtzionatzen du. Urgull izeneko aplikazioa doan jaitsi daiteke bai Android eta baita iOS duten telefono eta tabletetan.
Ondareak iragana ezagutzen eta, batez ere, oraina ulertzen eta etorkizuna irudikatzen laguntzen digula erakusten du ibilbide honek.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian