Neurri ttikiak izeneko erakusketa irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da Ziburun. Bertan, formatu txikiko margolanak daude ikusgai.
Jose Luis Zumeta artista zendu berriaren erakusketa Ziburuko Arte Bideak galerian paratu dute, irailaren 6ra arte. Neurri ttikiak izenpean, Zumetak berak aukeratutako formatu txikiko piezekin osatu dute erakusketa. Hala, azkeneko urtean margotutako hamabost olio daude ikusgai, horietatik hamahiru formatu txikikoak dira eta bi tamaina ertainekoak. Horietaz gain, bost tenpera ere jasotzen ditu erakusketak.
Ziburuko erakusketa hau pasa den urtean adostu zuten. Espazioa txikia zen eta margolariaren ohiko moldeetatik irtetea suposatzen zuen, baina Usoa alabak adierazi duenez, Zumetak zuen ideiarekin bat egin zuen espazioak, “galeria gustatu zitzaion eta berehala hasi ginen lanean”. Horretarako formatu txikiko piezak sortzen hasi zen, “ez da oso ohikoa bere lanean, baina oso eroso sentitu zen eta ilusio handiz lan egin zuen”, kontatu du alabak.
Hasiera batean, erakusketa maiatzean irekitzea aurreikusten bazuten ere, Covid-19aren ondorioz, uztailera atzeratu behar izan zuten irekiera. Hala ere, otsailerako dena prest utzi zuen Zumetak. Erakusketa honekin jarraitzea omenaldi txiki bat egitea dela dio Usoak.
Jose Luis Zumeta joan den apirilaren 23an zendu zen Donostian. Usurbilgo artistak ibilbide luzea egina zuen margogintzan. Informalismoaren jarraitzailea zen; espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu zituen. Ikusgarriak dira Zumetaren kolore gorriak, horiak eta urdinak, eta haren pinturaren aldien artean aipatzekoa da Papiroak izeneko saila. Azken urteetan, abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia eskainiz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian