Donostia Kultura horrelako ospakizun handi bat egiteko une egoki baten zain dago orain.
Irailaren 5ean egitekoa zen Indie folk musika jaialdia Miramonen, baina azken egunetan koronabirusak utzitako datuak ikusita, Donostia Kulturak seigarren edizioa atzeratzea erabaki du, “horrelako ospakizun handi bat egiteko une egoki baten zain”, adierazi dute.
Basoka jaialdiaren edizio honek lehen aldiz, jaialdi autonomoaren izaera izan behar zuen. COVID-19tik babesteko beharrezko neurriei erantzunez, edizio honetan Miramongo basotik anfiteatro ezagunera jauzi egitea erabaki zuten antolatzaileek, “jatorrizko kokapenetik oso gertu”.
Basoka 2015eko herritarren partaidetzarako Olatu Talka jaialdiaren programazioaren barruan sortu zen. Antolatzaileek diotenez, bere lehen ediziotik “jaialdiko jarduerarik preziatuenetako bat” bihurtu zen, eta, bost edizioetan zehar, musika “akustikoan” eta Indie folk soinuak gustuko dituztenentzako hitzordu gogokoenetariko baten moduan mantendu da.
Olatu Talka jaialdiaren hamargarren eta azken edizioaren ostean, Donostia Kulturak Basoka DKluba musika zirkuituan integratu eta berezko izaera duen jaialdi bihurtzearen aldeko apustua egin du.
Antolatzaileen arabera, Basoka “munduko jaialdirik txikiena” izatearen premisapean jaio zen. “Kontzertu eta jaialdi handiak musika mota batzuk esperimentatzeko ingurune egokienak izatetik oso urrun zeudela iruditzen zitzaigun”.
Horregatik, jaialdi honen proposamenak ikusleen, ingurunearen eta artisten arteko harreman estua bultzatu nahi du. “Ahalik eta errespeturik handienarekin gozatzea, hots eta isiltasun bakoitzaren kontzientzia eta presentzia izatea. Basoka ez da modako taldeen abestiak dantzatzeko eta lagun artean abesteko jaialdia”.
Orain arte egindako bost edizioetan, bertaratutako ikusleen eta artisten aldetik jaso duten balorazioa oso positiboa izan dela nabarmendu dute. “Musikak, lekuak eta publikoak bat egiten dutenean, kontzertuak benetan berezi bihurtzen dituen magia mota hori sortzen dela egiaztatu dugu”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian