Helduentzako bere lehen eleberrian, idazleak umorea baliatu du Anton Pla protagonistaren abenturak kontatzeko.
Karlos Zabala (Irun, 1963) idazleak helduentzako bere lehen eleberria kaleratu du C’est la vie kantatzen dute zaharrek izenburupean. Zabala itzultzaile gisa da batez ere ezaguna, bi aldiz irabazi baitu Euskadi Saria arlo horretan. Horrez gain, poema-liburu bat eta haur literaturako pare bat kontakizun kaleratu ditu. Oraingoan, berriz, “nobela umoretsu bezain harrigarria” ondu duela adierazi du Elkar Argitaletxeak.
Zabalak azaldu duenez, Anton Pla da eleberri honetako protagonista, “adin ertaineko gizon guztiz arrunt bat”, dena gertatzen da egunerokotasunik arruntenean, eta egun batez, arrazoi berezirik gabe, atzeraka ibiltzen hasiko da”. Horrek hankaz gora jarriko du bere bizitza eta baita ingurukoena ere. Xelebrekeria moduan hasi, eta azken muturreraino eramango du burutazioa protagonistak, eta gauza bera nobelaren egileak ere: “hari-muturretik tiraka, pertsonaiari segika ibiliko da hiru bat astez, uneoro gertatzen eta bururatzen zaizkionak kontatuz, eleberri umoretsu bezain harrigarria onduz”, argitaletxearen arabera.
“Baina nor da Anton Pla benetan? Ustekabean famatu bihurtzen den inuzentea? Pailazo sakratuen moduan gizartearen arauak zalantzan jartzen dituen transgresorea? Paradoxikoa, kaotikoa, xaloa, sarkastikoa, adar-jotzailea, zentzugabea… Ezaugarri horiek guztiek definitzen dute pertsonaia, zeinak, gure ispilu deformatzailea balitz bezala, noiz barre lasaia noiz irri urduria eginaraziko digun”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian