Informazioa: Euskal Kultur Erakundea
Guztira 104 kantu-grabaketa dira, kantu batzuk errepikatuak edota aire ezberdinetan emanak izan direlarik: 81, Berlingo Etnologia Museoan zeudenak eta 23, Humboldt Unibertsitateko fonotekan.
1916 eta 1917an, Ipar Euskal Herriko hamar euskaldunen kantu eta narrazioak grabatu zituen Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan. Ehun urte geroago haien kopiak entzungai eta ikergai daude Euskal Kultur Erakundean. Agustin Mendizabalek bildumaren azterketa musikala egin du orain. Guztira 104 kantu-grabaketa dira, kantu batzuk errepikatuak edota aire ezberdinetan emanak izan direlarik: 81, Berlingo Etnologia Museoan zeudenak eta 23, Humboldt Unibertsitateko fonotekan.
Mendizabalek lehenik, kantuak transkribatu ditu, musika eta hitzak partitura numerikoetan ezarriz. Ondotik kolekzioaren ezaugarriak, kantuen gaiak eta kantaera aztertu ditu, besteak beste, transkripzio-irizpideak zehaztuz. Bere ezagutzaren arabera, hogeita hiru ineditoak dira eta horietatik zortzirentzat, airea ezezaguna:
- Amodiozko begi xarmantak
- Ligets-en kantoriak
- Jente hunak nahi zütie
- Üharte jauregian eta Maiatzian eder da
- Adios Getaria
- Donaduen kantuak
- Urtxo xuri pollit bat
Euskal Etnopoloa labelaren baitan emana izan den proiektua, Jon Bagües etnomusikologoa Eresbil euskal musika artxibategiaren zuzendari ohiaren berme zientifikoarekin.
Sarean Mintzoak.eus atarian
EKE-k Mendizabalen azterketa musikala baloratu du Mintzoak.eus atarian. Euskaldunek emandako kantu bakoitzari eskuragarri dagoen transkripzio musikala zintzilikatu zaio. Pasartean kantu bat baino gehiago dagolarik, partiturak PDF dokumentu bakar batean bilduak dira. Sarean eskuragarri ez diren soinu-grabaketak Euskal Kultur Erakundearen kontsultagunean entzungai daude. Horretarako aurretik hitzordua eskatu behar da.
Agustin Mendizabal, 1967an jaio zen Oiartzunen, ingeniaritza eta musika ikasketak egin zituen eta bere sorterriko Lartaun eta Hondarribiko Xatz-Eskifaia abesbatzak zuzendu ditu. Horretaz gain, txistularia ere bada Lartaun taldean. Azken urteotan euskal herri-kantaeraren zenbait alderdi ikertzen aritu da: prosodia musikala, Iparraldeko herri-kantaeraren intonazio neutro edo erdibidekoa (2013ko Donostiako Orfeoia- EHU saria) eta ahozko tradizioko kantu eta bertso zaharrak, jasotze- eta dokumentatze-lana eginez, kantu eta doinu ezagun eta ezezagunak bilduz eta aztertuz. Hori dela eta audio eta bideo grabaketak bildu ditu Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Gai horien inguruan gainera, hainbat hitzaldi eskaini ditu. Bestalde, ahotsak.eus proiekturako ere eginak ditu hainbat bideo, Nafarroan bereziki. Egun, Errenterian bizi da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian