80 txotxongilo ikusi ahal izango dira, horietatik erdia ez dira inoiz ikusgai egon.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako, Tolosako Topic Museoak propio diseinatu du erakusketa bat: Alegiazko izakiak. Erakusketa gaurtik, irailak 25, azaroaren 9ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Okendo Kultur Etxean. Bertan, 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira, horietatik erdia ez dira inoiz ikusgai egon. Beraz, lehen aldiz irtengo dira Topic museoko biltegietatik museoko pieza gisa beren burua “jendartean aurkezteko” gogoarekin. Lau multzo handitan banatuta daude piezak: maskarak, sorginak, deabruak eta heriotzak, pertsonaia fantastiko tradizionalak eta unibertso pertsonalak.
2009ko azaroan ireki zituen ateak Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak (Topic). Donostia Kulturaren arabera, “proiektu bakan, erakargarri eta interesgarri bat da, irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren alde apustua egiten duena. Europa osoan zentro integral bakarra da txotxongilo artearentzat”.
Topic-eko arduradun Maria San Sebastianek adierazi duenez, “biltegietako bazter guztiak arakatu ditugu pieza egokien bila, eta erronka eta lan zoragarria da hori, beti topatzen duzulako txotxongiloren bat hor nonbait ahaztuta zegoena. Azkenean konturatzen zara aukera duzula argitara ateratzeko sortuak izan zirenean estetikoki hain zorionekoak ez ziren haiek (edo hura) eta, horregatik beharbada, geratu zirela plano ezkutuago batean baztertuta”.
Erakusketa adin guztientzako pertsonei zuzenduta dago. Gainera, “izaki batzuk, heldu batzuentzat edo kultura jakin batzuentzat beldurgarriak izan daitezkeenak, ez dituzte halakotzat hartzen haurrek, edo beste jatorri batzuetako pertsonek”, adierazi du San Sebastianek.
Bisita gidatua
Datorren ostiralean, urriak 2, goizeko 11:00etan bisita gidatu bat antolatu da, interesa duen ororentzat. Bertan, Topic-eko zuzendari Idoia Otegi eta Maria San Sebastian izango dira erakusketa gidatzen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian