Egitasmoa 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. EHUko Gipuzkoako campusean egingo da, eta unibertsitateko ikasleek eskurago izango dute, baina ateak irekita dituzte interesa duten adin horretako beste gazteek ere.
Ostegunak bereziak izango dira aurten ere azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Iaz egin bezala, ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko Ahostegunak antolatu du Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera.
Antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko saioek osatzen dute Ahostegunak. Ostegunetan egingo dira saioak, 16:00etatik 19:00etara, EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Urriaren 29an izango da lehen saioa, eta elkarren segidako beste lau ostegunetan egingo dira, azaroaren 26ra arte. Aipatutako kultur sorkuntza bat landuko da egun bakoitzean: gazteek beraien artean harreman sarea ehuntzea da helburua, esperientziak eta iritziak partekatzea, eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko dute parte saio bakoitzean. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dutela iragarri du Mintzolak.
Urriaren 14an hasiko da izen-ematea, 12:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Bestalde, taldea osatzerakoan, izena emateko ordena aintzat hartuko da, eta, behin eginda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da; ostegunero talde berak parte hartuko du, eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da partaideak agertzea.
Aurtengo gonbidatuak
Olatz Salvador musikariak abiatuko du aurtengo Ahostegunak, urriko azken ostegunean. Erika Olaizola aktoreak hartuko dio txanda azaroaren 5ean. Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolarien txanda izango da jarraian, azaroaren 12an, eta handik astebetera gazteekin izango da Oier Guillan, poesiari eta antzerkiari loturiko hainbat proiektutan parte hartu duen sortzailea.
Azken egunean, azaroaren 26an, mahai-inguruan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak.
https://www.youtube.com/watch?v=eaaTwzah-ME&feature=emb_title
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian