Bertso-eskolek ale bana jasoko dute opari gisa. Gainera, ale gehiago nahi izanez gero, bertso-eskolek eskaintza berezia izango dutela aurreratu dute; baita Orainmenean argitalpena eskuratzeko ere.
Bertsozale Elkarteak Karta-jolasak eta Orainmenean argitalpena esku-eskura jarri nahi dizkie bertso-eskolei, eta, hala, eskaintza berezia prestatu dute.
Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek bat-batekoan hasiberriak diren haurrentzako Karta-jolasak argitaratu dituzte; elkarteko irakasle lantaldeak sortu dituela adierazi dute. “Bertso-eskolan ala ikastetxean erabiltzeko dira, bertsotan dakien heldu baten laguntzarekin”.
Sei karta-sortarekin osatutako bilduma da. Karta-sorta bakoitza bat-bateko ariketa jakin bat lantzeko da, eta zailtasun mailaren arabera multzokatuta daude: jarritako puntuari kartan agertzen diren oinekin erantzutea, esate baterako; edota errimatzen duten kartak lortzea, eta haiekin kopla ala bertsoa osatzea.
Hala, Bertsozaleren eskutik, bilduma bana jasoko dute bertso-eskolek opari gisa; bailara mailako bertso-eskola handiek herri bakoitzeko ale bat eskuratuko dute, baina ale gehiago nahi izanez gero, bertso-eskolako partaideentzako eskaintza berezia daukate: “32 euroren truke eskuratu ahal izango dute bilduma”. Horretarako, webgune honetan bertan egokitutako eskaera orria bete beharko da, azaroaren 25a baino lehen. Urtarrilaren lehen astetik aurrera jaso ahal izango da materiala.
Bertso-eskolako partaidea ez denak ere Karta-jolasen bilduma eskuratzeko aukera izango du. Horretarako, bertsoeskola@bertsozale.eus helbidera idatzi beharko du.
Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak
III. Lanku Bekaren saridun izan zen proiektutik eratorri da Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak lana. Txakur Gorria sormen kolektiboak ondutako proiektuak emanaldia eta argitalpena ditu euskarri. Zirrikituetan arakatu eta ikusezina ikusgarri egiteko ahalegina da: emakume bertsolariak beti existitu izan direla azpimarratzekoa, batetik, eta, bestetik, azken urteetako bilakaerari erreparatzekoa. Liburuxka prezio berezian eskuratu ahal izango dute bertso-eskoletako partaideek: 6 euroren truke. Horretarako, aurretik aipatutako eskaera orrian egin behar da eskaria; azaroaren 25a baino lehen hau ere.
Bertso-eskolako kide izan gabe, argitalpenean interesa duenak Lanku Kultur Zerbitzuen online dendan eskuragai izango du.
Bertso-eskolentzako eskaintzaren berri ematen duen informazio orria, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian