Erakusleiho birtualaz gain, Gasteizko Montehermoso Kulturunean ere 40 mazokalarien erakusketa paratuko dute.
Osasun krisiaren ondorioz, Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azokak bere burua berrasmatu du, eta neurri handi batean birtuala izango da. Hala, Mazoka.org webgunea 40 ilustratzaileren lanak ezagutarazteko eta produktu berezi eta bakanak erosi ahal izateko erakusleiho handia bihurtuko da bihartik, abenduak 3, hilaren 20ra arte. Bertan, artista bakoitzak profil bat izango du, bere esperientzia, lanak eta webgune propioa ezagutzera emateko, eta baita saltzeko denda ere.
“Mazokak mazokalari izateko 337 eskabide jaso ditu, hau da, iaz baino ehuneko 45 gehiago; horrek erakusten du jaialdiak profesionalen interesa pizten duela, baita gasteiztarrena ere, aurreko urteetan ur biltegira hurbildu baitira lanak erosteko. Sorkuntzak internetez eskainita, munduko edozein lekutatik eskuratu ahal izango dira orain”, adierazi du Maider Etxebarria Kultura eta Kirol diputatuak.
Euskal Herriko erreferente nagusiak izango dira azokan, hala nola, Elena Odriozola, Sandra Garayoa, Iraia Okina eta Zuriñe Agirre.
Erakusleiho birtualaz gain, Montehermoso Kulturunean ere 40 mazokalarien erakusketa paratuko dute. Abenduaren 5eko 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eta bertan egileen katalogoa aurkeztu eta ilustramatoia jarriko da.
Berritasun gisa, Arabako beste herri batzuetara ere zabalduko da Mazoka: Langraiz Oka, Amurrio, Zuhatzu Kuartango, Bastida, Artziniega, Izarra, Dulantzi, Agurain, Maeztu eta Laudio. “Gasteizko Erdi Aroko hirigunean eta Zaramaga auzoan egoteaz gain, abendu osoan Arabako zenbait herritara eramango dugu Mazoka jaialdiaren zati bat. Bira ilustratu moduko bat izango da, herrialdeko biztanleengana hurbiltzeko xedez, aurten lehenengoz ereindako hazia erne dadin eta hurrengo edizioetan Mazoka leku horietara ere zabal dadin, muga gutxiagorekin”, azaldu dute aurkezpenean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian