Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek itzuli dute idazle poloniarraren eleberria Elkarrek eta Arrasateko AED elkarteak antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen sariketari esker.
Iaz Literaturako Nobel sari bikoitza eman zuen Suediako Akademiak, eta horietako lehena Olga Tokarczuk idazle poloniarrari eman zitzaion. Orain, lehenengoz itzuli da euskarara haren helduentzako lan bat, Erabili goldea hilen hezurren gainetik eleberria. Thriller bat da berez, baina oinarri ekologista, idazkera poetiko eta ukitu filosofikoa duena.
Amaia Apalauza eta Sonia Kolaczek ekarri dute euskarara Tolarczuken lana, Elkarrek eta Arrasateko AED elkarteak antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen sariketari esker. Apalauzaren arabera, eleberriak “nobela beltz baten egitura dauka berez, baina hori baino askoz gehiago da, zerbait sakonagoa”.
Idazle poloniarrak gaur egungo gizartearen gaineko hausnarketa sakon bat egiten duela dio itzultzaileak, “bereziki hiri giro horretatik bazterrean geratzen den jende horren ispilu bat eta xumetasunaren aldarrikapen bat da”, azaldu du.
Apalauza eta Kolaczek aitortu dutenez, ondo pasatu dute Tokarczuk-en liburua irakurtzen, “ahots narratibo sendoa daukan pertsonaia batek beti haserre dagoela ematen du, baina aldi berean samurtasun berezi bat ere badu, gauza txikiei erreparatzen die, naturaren aldaketei, animalien mugimenduei… benetan plazera da irakurtzea berak mundua irakurtzeko daukan modu hori”, adierazi dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian