Pandemia garai honetan goizeko egitaraua prestatu dute: aurrez-aurre eta streaming bidez etxean jarraitzeko aukera izango da aurten.
Urtero bezala, Euskaltzaleen Topaguneak Topaldia jardunaldia antolatu du 2021eko urtarrilaren 28rako, Bilboko Bizkaia Aretoan. 19. edizio honetan hizkuntza aniztasunaren gaia izango dute hizpide eta euskarak kohesiorako eta berdintasun sozialerako duen balioa landuko dute.
“Euskarak harrera linguistikoan zein toki behar luke? Nola kudeatu bertako hizkuntza minorizatua, erdara hegemonikoak eta hizkuntza aniztasuna? Zein ikuspegirekin?”, galderei erantzuten saiatuko dira aurtengo jardunaldian, “sona handiko adituak, ikerketa espezifikoak, herrietako esperientzia praktikoak eta protagonisten bizipenak jasoz”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, “gurea bezalako testuinguru batean harrera eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egoki bat estrategikoa da euskararen normalizaziorako, baita kohesio eta berdintasun sozialari begira ere”, adierazi dute.
Euskaltzaleen Topaguneak jakitera eman duenez, “herri askotan aniztasuna zeharkakoa dute euskara elkarte nahikok, baina honen beharraz eta gaur egun ditugun erronkez arituko gara”. Bestalde, instituzioek eta herriko eragileek gai honen bueltan elkarlanean eragiteko aukeraz gogoetatzeko balioko du jardunaldiak.
Horretarako, hizkuntza gutxituek eta euskarak harrera prozesuetan duten garrantzia aztertuz, herri ezberdinek eredugarri dituzten proiektu eta praktika onak partekatuz, eta migrazioak herri euskaldunetan izandako esperientzien bilduma ezagutuz gauzatuko dute.
Pandemia garai honetan goizeko egitaraua prestatu dute: aurrez-aurre eta streaming bidez jarraitzeko aukera izango da aurten.
Ikerketak, praktika onak eta bizipenak uztartuz
Hasiera ekitaldiaren ondotik, Carme Junyetek hizkuntza gutxituen inguruko sarrera egingo du eta katalanaren etorkizunaz jardungo, katalanez. Mari Zapatak, berriz, gako nagusiak emango ditu, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan harrera eredu integral bat osatzeko.
Atsedenaldiaren ostean, Errenteriako Udaleko eta Arrasateko Ekin Emakumeak Euskara Elkartearen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldoren ahotik, hurrenez hurren. Jarraian, Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu antropologoek Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerketaren ondorioak aurkeztuko dituzte. Ostean, Tarana Karimek euskararekin orain arte egin duen ibilbidea azalduko du. Topaldiari amaiera eman aurretik, Ariane Usarbarrenak etorkizuneko erronkei heldu eta haiei begira jarriko du publikoa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian